Victoria Ariño Arginzoniz
| Victoria Ariño Arginzoniz | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Ermua, 1889ko apirilaren 19a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Ermua, 1974ko abuztuaren 2a (85 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | filantropoa |
Victoria Ariño Arginzoniz (Ermua, Bizkaia, 1889ko apirilaren 19a – Ermua, Bizkaia,1974ko abuztuaren 2a) emakume filantropoa izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jose Maria Ariño Areitio ermuarraren eta Magdalena Catalina Arginzoniz Besoitaguena berriztarraren 10 seme-alabetatik azken aurrekoa izan zen Victoria, heldutasunera ailegatu ziren hiruetako bat eta neska bakarra. Izelaieta kaleko 11 zenbakian jaioa, armagina zuen aita, gerora lan hori utzita kontratista gisa zubiak egiteari ekin ziona.[1]
Emakume irakurria zen, leitzeari garrantzi handia ematen zion eta arropa kontuetan eta preminazkoak ez ziren gauzetan dirua alperrik gastatzen ez zuen arren, egunkaria egunero-egunero erosteko ohitura zuen. Ondasun ugariren jabe geratu ziren hiru neba-arrebak gurasoak zendu zirenean eta handik urte batzuetara anaia biak oinordeko gabe hil ostean, Victoriaren izenean gelditu zen ondare guztia. Hala ere, bere azken urteak estutasunean bizi izan zituen, ilusio batek hauspotuta: bera ez zenerako herriarentzat ahal zenik eta ondasun gehien utzi ahal izatea.[1]
85 urte beteta zendu zenean, testamentuan Ermuko Santixau eliza osteko eraikuntza berriaren azken kontuak ordaintzeko laineko dirua laga zuen eta bere etxe, orube eta pinadiak herriaren premietarako geratzea ere lotuta utzi zuen.[1]

Izelaieta kaleko bere etxea, geltokiko erromarak pasatu eta segituan, Caritasen bulego bihurtu zen eta pareko ortuan, 1980an, eskola-eraikin bat jaso zen: tente egon zen urteetan, bertan kokatu ziren AEK euskaltegia, Haurtzaindegia eta Musika Eskola. Enpresa eraikitzaile batek, ondoko lurrak erosita zituela-eta, Udalarekin akordio bat lotu zuen: Estaziñoko eskolia -horrelaxe ezagutzen zuten herritarrek- bota eta etxe-multzo bat altxatu; orube guztiaren konpentsazioz Goienkale kaleko Eitzaga-Etxebarria etxea berriztatuko zuen enpresak. Konponketa eta atontze guztiak amaituta, azken honetan kokatu ziren Haurreskola eta Alboka Musika Eskola 2004ko urtarrila ez geroztik.[1]
Aitortzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ermuko Pagorbe udal kanposantuan bere hilobia mantentzen da, 266 zenbakiarekin eta esker oneko ondoko inskripzioa du:
“En testimonio de eterna gratitud
a la familia de Ariño
en su último vástago.
La comunidad parroquial”.