Clara Butt
| Clara Butt | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Southwick (Mendebaldeko Sussex), 1872ko otsailaren 1a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Oxfordshire, 1936ko urtarrilaren 23a (63 urte) |
| Hobiratze lekua | St Mary the Virgin's Church, North Stoke (en) |
| Heriotza modua | berezko heriotza: minbizia |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Kennerley Rumford (en) |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Royal College of Music |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | opera abeslaria |
| Jasotako sariak | |
| Genero artistikoa | musika klasikoa |
| Ahots mota | mezzosopranoa kontraltoa |
| Musika instrumentua | ahotsa |
Clara Butt edo Clara Ellen Butt (Southwick (Mendebaldeko Sussex), 1872ko otsailaren 1aan - Oxfordshire, 1936ko urtarrilaren 23a bere ahots nabarmena eta bere kantu teknika harrigarriki arinagatik ezaguna zen kontralto ingelesa izan zen.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Southwick-en jaio zen,1872ko otsailaren 1an eta Oxfordshire-n hil zen 1936ko urtarrilaren 23an. Bere aita, Henry Albert Butt itsas armadako kapitaina izan zen. Bere ama, Clara Hook, marinel baten alaba zen. Anaietako bat Lawson Butt aktorea izan zen.
1880an, Butt familia Bristolera joan zen bizitzera. Clara South Bristol High School eskolan ikasi zuen non bere ahots gaitasuna eta trebezia nabarmendu zituzten.
1890ean beka bat irabazi zuen Royal College of Music ikastera joateko, Victoria Erreginak beka eman zion gero Parisera joateko ikastera. Berlinen eta Italian ere ikasi zuen.[2]
Kennerly Rumford baritonoarekin ezkondu zen 1900ean. Ondoren, elkarrekin aritu ziren erregularki kontzertuetan. Hiru ume izan zituzten, bi mutil eta neska bat.
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1892ko abenduan Londresko Royal Albert Hallen egin zuen debuta Arthur Sullivan konpositorearen The Golden Legend kantatako Ursula gisa. Hiru egun beranduago, Glucken Orfeo eta Euridice operan kantatu zuen Lyceum Antzokian. Bernard Shaw kritikariak The World-en idatzi zuenez, "entretenimenduaren esparruan espero zitekeena soberan gainditu zuen"[3]. Hau izan zen kantatu zuen opera bakarra.[1][2]
Camille Saint-Saënsek entzun zuen eta berak sortutako Sanson eta Dalila opera ikastea nahi izan zuen. Garai hartan Britainia Handiko eszenatokietan Bibliako gaiak antzeztea debekatuta zegoen eta konpositore frantziarrak ez zuen bere proiektua gauzatzea lortu.
Batez ere George Frideric Handel eta Felix Mendelssohnen oratorioetan egin zuen interpretazioagatik miretsia izanik, balada abeslari gisa ere egin zen ezagun. Hala, Edward Elgarrek 1899an konpositoreak berak zuzenduta estreinatu zuen Sea Pictures izeneko kontralto eta orkestrarako abesti zikloa konposatu zion.[2]
Australian, Japonian, Kanadan, Europan eta Estatu Batuetan ibili zen. Lehen Mundu Gerran, karitate lanetan eta tropen kontzertuetan parte hartu zuen, eta 1920an Britainiar Inperioko Dama izendatu zuten.[1][2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 (Ingelesez) «Dame Clara Butt | Victorian Era, Contralto, Concerts | Britannica» www.britannica.com (kontsulta data: 2025-04-13).
- 1 2 3 4 (Ingelesez) «Dame Clara Butt» Contralto Corner (kontsulta data: 2025-04-13).
- ↑ (Ingelesez) «Dame Clara Butt, Singer and Early Star of Recorded Music» Brighton & Hove Museums (kontsulta data: 2025-04-13).