Dolores Duran
| Dolores Duran | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Rio de Janeiro, 1930eko ekainaren 7a |
| Herrialdea | |
| Talde etnikoa | afro-brasildarra |
| Heriotza | Rio de Janeiro, 1959ko urriaren 24a (29 urte) |
| Hobiratze lekua | Caju hilerria |
| Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Macedo Neto |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | portugesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | abeslaria eta konpositorea |
| Genero artistikoa | samba-canção (en) música popular brasileira (en) |
| Ahots mota | kontraltoa |
| Musika instrumentua | ahotsa |
Adiléia Silva da Rocha, ezizenez Dolores Duran (Rio de Janeiro, Brasil, 1930eko ekainaren 7a – ibidem, 1959ko urriaren 24a) brasildar abeslari eta musikagilea izan zen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rio de Janeiroko erdigunean dagoen Propósito kalean jaio eta bertan bizi izan zen urte batzuetan. Haurtzaro pobrea izan zuen, eta ez zuen inoiz aita ezagutu. La Piedad auzo pobrera joan zen bizitzera, amarekin, aitabitxiarekin eta Denise, Solange eta Leila ahizpa erdiekin. Txikitatik gustatzen zitzaion kantatzea, eta abeslari famatua izatea zuen amets. Zortzi urterekin sukar erreumatiko bat hartu zuen eta hiltzear egon zen. Ondorioz, bihotzeko murmurio oso larria izan zuen bizitza osoan.
Abeslari ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamabi urterekin, lagunek bultzatuta, kantu lehiaketa batean izena ematea erabaki zuen, amaren baimenarekin, baina txarto egitearen beldur zen. Ondo kantatu zuen eta lehen saria irabazi zuen Ary Barroso piano jole eta musikagilearen Calouros em Desfile izeneko saioan. Sarritan agertu zen saio horretan, eta horrelaxe ekin zion ibilbide artistikoari. Amari etxeko gastuekin laguntzeko, eskola utzi eta aktore lana lortu zuen Cruzeiro do Sul irratian, Tupi-n, eta antzerki saioetan, telebista saioetan abesteaz gain, baina enplegu horiek guztiak aldi baterakoak ziren eta ia ez zioten dirurik uzten.[2]
1940. urteko hamarkadaren bukaera aldera, Lauro eta Heloísa Pais de Andrade bikote aberats eta eragin handikoa ezagutu zuen. Abesten entzun ostean, abeslari-karrera bultzatzen lagundu nahi izan zioten, eta pertsona ospetsuak ibiltzen ziren hainbat leku dotore eta ezagunetan abestea lortu zuten. Laurok jarri zion Dolores Duran izen artistikoa, sasoi hartan izen fina.
Ez zuen inoiz hizkuntzarik ikasi, eta bere kontura ikasi zuen ingelesez, frantsesez, italieraz, gaztelaniaz eta baita esperantoz ere abesten. Ella Fitzgerald, 1950eko hamarkadan Rio de Janeiron egon zen bitartean, Baccarat boitera joan zen bereziki Doloresi entzuteko eta haren My Funny Valentine interpretazioarekin liluratu zen. "Entzun dudan onena", esan zuen Fitzgeraldek.
Dolores nazioarteko musikak kantatzen hasi zen Pescando Estrelas saioan, non abeslari gazte eta kontzeptuatuak zeuden. Han ezagutu zuen Julie Joy, Guanabara irratiko eta Radio Nacional irrati ezaguneko abeslaria, bere lagunik onena bihurtu zena.
1952. urtean egin zuen debuta Músicas para o Carnaval lanarekin, eta hurrengo urteko inauterietarako bi samba grabatu zituen: Que bom será (Alice Chaves, Salvador Miceli eta Paulo Márquez) eta Já não interessa (Domício Costa eta Roberto Faissal). 1953. urtean Outono (Billy Blancorena) eta Lama (Paulo Marquez eta Alice Chavesena) grabatu zituen. Bi urte geroago, Canção da volta (Antônio María eta Ismael Neto), Bom querer bem (Fernando Lobo), Praça Mauá (Billy Blanco) eta Carioca (Antônio María eta Ismael neto) abestiak agertu ziren.[3]
1956. urtean arrakastatsua izan zen Chico Anysiok konposatutako Chico Britoren Filha abestia. 1957. urtean, konpositore gazte batek bere eta Vinícius de Moraes-en lan bat aurkeztu zion, Antônio Carlos Jobim zen bere ibilbidearen hasieran. Handik minutu gutxira, Doloresek lapitz bat hartu eta "Por causa de você" abestiaren letra idatzi zuen. Vinícius hain pozik geratu zen letra horrekin, non adeitsuki eman zizkion Doloresi abestiaren eskubideak. Hortik aurrera konposiziorako zuen talentua agerian geratu zen eta arrakasta handia izan zuen, besteak beste, Estrada do sol, Ideias erradas, Minha toada, eta A noite do meu bem lanak sortu zituen.
Uruguain, Sobietar Batasunean eta Txinan abestu zuen Brasilgo musikariek lagunduta. Taldearekin desadostasun bat izan zuen eta Parisera joateko ametsa gauzatu zuen Doloresek, eta Txinatik bera bakarrik joan zen hara. Brasilera itzultzean, jaioberri bat adoptatu zuen, umezurtz beltz bat, eta María Fernanda da Rocha Macedo izena jarri zion. Macedo Netok, Doloresengandik bananduta zegoenez, bere abizena ematea onartu zuen, baina neskatoak ez zuen inolako harremanik izan berarekin. Maria Fernandaren ama biologikoa alarguna zen eta erditu ondoren hil egin zen. Handik aurrera, bere bizitzako azken bi urteetan, Doloresek MPBko kanta nabarmenetako batzuk idatzi zituen, Castigo eta Olha o tempo passando, besteak beste.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1959ko urriaren 23ko goizaldean, Little Club klubean show bat egin ostean, abeslaria bere azken mutil-lagunarekin, Nonato Pinheirorekin, eta lagun batzuekin joan zen Clube da Aeronáutica fineko festa batera. Festa amaitu ostean, Kit Club-era joan ziren edatera eta abestiak entzutera. Dolores hilaren 24ko goizeko zazpietan heldu zen etxera. Une horretan hiru urte zituen alabari musu asko eman eta bainuontzian jolasean aritu zen berarekin, gero Rita enplegatuaren ardurapean uzteko. "Ez esnatu —esan zion—. Nekatuta nago eta hil arte lo egingo dut", gaineratu zuen txantxetan. Lotan zegoela, bat-bateko infartua izan zuen, eta, une hartan, barbiturikoen, zigarreten eta alkoholaren gaindosiari egotzi zioten. Cajuko hilerrian lurperatuta dago, Rio de Janeiron.[4]
29 urterekin hil aurretik, bizitako ibilbide bat eten zuen. Bere lagun Marisa Gata Mansak hartu zituen Doloresen azken bertsoak, musikalizatzeko. Carlos Lyrak gauza bera egin zuen bertso argitaragabeekin. Eta senar ohiak bien alabaordea hazi zuen.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dolores Duran Viaja (1955)
- Dolores Duran Canta Para Você Dançar (1957)
- Dolores Duran Canta Para Você Dançar N.º 2 (1958)
- Êsse Norte É Minha Sorte (1959)
- Dolores Duran-Reconstrução em 16 Canais (1979)
Sanba-abestia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dolores Duran 1930eko hamarkadan sortutako samba-kanta generoko abeslari eta konpositore handia izan zen. Genero horretan Maysa Matarazzo, Nora Ney, Dalva de Oliveira eta Ângela Maria nabarmendu ziren.
Samba-kanta generoa boleroarekin aldera daiteke maitasun erromantikoaren gorespenarengatik eta porrot egindako maitasun batengatik adierazten duen sufrimenduarengatik. Genero hori bossa nova mugimenduaren aurrekaria izan zen, 1950eko hamarkadaren bukaeran sortua, estatubatuar jazzaren eta Rio de Janeiroko sanbaren nahasketa dena, eta arinagoa izan zen melodietan eta interpretazioetan, drama pertsonala eta sanba-abestiaren melodia malenkoniatsuak ordezkatu baitzituzten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Dolores Duran» Vagalume 2013 (kontsulta data: 14 de agosto de 2013).
- ↑ «Calouros em desfile» GazetaDigital 6 de septiembre de 2009 (kontsulta data: 14 de agosto de 2013).
- ↑ Neder, Alvaro. (2012). «Dolores Durán. Artist Biography» Allmusic.com (kontsulta data: 14 de agosto de 2013).
- ↑ «Dolores Duran» LastFM 2011 (kontsulta data: 14 de agosto de 2013).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ricardo cravo Albin. MPB - A História de um século. Río de Janeiro: Funarte, 1998
- O livro de ouro da MPB - A Historia de nossa música popular de sua origem até hoje. Rio de Janeiro: Ediouro, 2003
- m.a. de Azevedo (NIREZ) et al. Discografia brasileira em 78 rpm. Río de Janeiro: Funarte, 1982
- sérgio Cabral. Elisete Cardoso - Uma vida. Rio de Janeiro. Lumiar, 1994
- sylvio tullio Cardoso. Dicionário biográfico da música popular. Río de Janeiro; ed. del autor, 1965
- antônio Epaminondas. Brasil brasileirinho. Río de Janeiro: Instituto Nacional do Livro, 1982
- marcos antônio Marcondes (ED). Enciclopédia da Música popular brasileira: erudita, folclórica e popular. 2. ed. São Paulo: Art Editora / Publifolha, 1999
- jairo Ssveriano, zuza homem de Mello. A canção no tempo. Vol 1. São Paulo: Editora 34, 1997
- ary Vasconcelos. Panorama da música popular brasileira. Río de Janeiro: Martins, 1965
- ana María Bahiana. 2006. Nada sera como antes: MPB anos 70 - 30 anos depois. Editor Senac, 390 or. ISBN 85-87864-94-7, ISBN 978-85-87864-94-9