Edukira joan

Erevan

Erevan
Երևան
Armeniako hiria edo herria
Administrazioa
Estatu burujabe Armenia
AlkateaHayk Marutyan
Izen ofizialaԵրեվան
Jatorrizko izenaԵրևան
Posta kodea0001–0099
Geografia
Koordenatuak40°10′53″N 44°30′52″E / 40.1814°N 44.5144°E / 40.1814; 44.5144
Mapa
Azalera227 km²
Altitudea989,4
Demografia
Biztanleria1.106.300 (2024)
Dentsitatea4.874 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraK.a. 782
Telefono aurrizkia10
Hiri senidetuakCarrara, Antananarivo, Cambridge, Marseilla, Isfahan, Odesa, Tbilisi, Beirut, Damasko, Montreal, Buenos Aires, Bratislava, São Paulo, Chisinau, Rostov Don, Los Angeles, Venezia, Mosku, San Petersburgo, Volgograd, Lyon, Kiev, Atenas, Minsk, Podgorica, Sofia, Delhi, Rio de Janeiro, Kaliningrad, Amman, Shanghai, Niza, Riga, Novosibirsk, Tallinn, Khanty-Mansisk, Stavropol, Florentzia, New Delhi, Budapest District V (en) Itzuli, Krasnodar, Teheran eta Astana
Hizkuntza ofizialaarmeniera
http://www.yerevan.am

Erevan[1][2] (armenieraz: Երևան, translit.: Jerevan[3] — idazkera klasikoan, armenieraz: Երեւան, translit.: Jerevan[3] —, ahoskera: [jɛɾɛˈvɑn]ⓘ Armeniako hiriburua eta hiririk handiena da. Historian zehar beste izen batzuk ere eduki ditu, besteak beste Erebuni, Revan, eta Erivan. Hrazdan ibaiaren ondoan kokaturik dago, eta herrialdearen administrazio, kultur eta industria erdigunea da. Erevanen historia K.a. VIII. mendean hasi zen, jatorritzat baitu Erebuni izeneko urartuar gotorlekua, toki berean K.a. 782. urtean sortua.

Erevan eta AraratArarat mendia atzealdean

Erevan Ararat lautadaren ipar-ekialdean dago. Hiriak 990 metroko batez besteko altitudea du; punturik baxuena 865 metrora dago, hego-mendebaldean, eta altuena 1.390 metrora, ipar-ekialdean.[4]

Hrazdan ibaiaren ertzean dago, Ararat lautadaren ipar-ekialdean, herrialdearen erdi-mendebaldean. Hiriaren goiko aldea mendiz inguratuta dago hiru aldetan, eta hegoalderantz Hrazdan ibaiaren ertzera jaisten da. Hrazdanek arroila batean zehar zeharkatzen du hiria, eta bi zatitan banatzen du.

Erevan Armeniar goi-ordokiaren bihotzean dago.[5] Historikoki, Armenia Handiako Ayrarat probintziako Kotayk kantonamenduan zegoen hiria; ez da nahasi behar gaur egungo Kotayk probintziarekin.

Armeniako gaur egungo banaketa administratiboaren arabera, Erevan ez da ezein marz edo probintziaren parte, herrialdeko hiriburu gisa administrazio-estatus berezia baitu. Iparraldean eta ekialdean Kotayk probintzia du mugakide; hegoaldean eta hego-mendebaldean Ararat probintzia; mendebaldean Armavir probintzia; eta ipar-mendebaldean Aragatsotn probintzia.

Erebuni Estatuko Erreserba 1981ean sortu zen, hiriaren erdigunetik 8 kilometro inguru hego-ekialdera, Erebuniko barrutian. Itsas mailatik 1.300 eta 1.450 metro arteko altitudean dago, 120 hektareako azalera du, eta batez ere mendi-estepa erdi-basamortutarrez osatuta dago.[6]

Gutxi gorabehera klima kontinentala da: uda bero eta lehorrak diru, eta negu motzak. Abuztuan tenperatura 40 °C graduraino ere igo izan da; urtarrilean, aldiz, -15 °C graduraino jaitsi izan da. Euri gutxi egiten du.

    Datu klimatikoak (Yerevan)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 19.5 19.6 26.0 35.0 34.2 38.6 41.6 41.8 40.0 34.1 28.5 18.1 41.8
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 0.6 3.7 11.7 19.5 24.3 29.6 34.0 33.0 29.0 20.7 12.1 4.5 18.5
Batez besteko tenperatura (ºC) -4.1 -1.3 5.6 12.9 17.2 22.0 26.2 25.3 21.1 13.2 6.0 -0.2 12.0
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -7.8 -5.3 0.3 6.9 10.8 14.7 18.8 17.8 13.3 7.0 1.4 -3.6 6.2
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) −27.6 −26.0 −19.1 −6.8 −0.6 3.7 7.5 7.9 0.1 −6.5 −14.4 −27.1 -27.6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 22 25 30 37 44 21 9 8 8 27 23 23 277
Prezipitazio egunak (≥ 92) 9 9 8 11 13 8 5 3 4 7 7 8 92
Eguzki orduak 93.0 113.1 161.2 177.0 241.8 297.0 344.1 331.7 279.0 210.8 138.0 93.0 2479.7
Iturria: [7]

Hegoaldean, arkeologoek antzinako herri bat aurkitu dute. K.a. 3200. urtetik K.a. 2200. urtera arte erabilia izan zela uste dute.

Hiria, K.a. 782. urtean sortu zen gotorlekutik sortu zen. Gotorleku hau Argixti I.-aren aginduz egin zen. Erebuni izena bazuen ere, laster aldatu zen. Ur deposituak eta kanalak egin ziren. Mende bat geroago hiriak gainbehera bat izan zuen eta K.a. 590. urtean, hiria errea izan zen. K.a. 331. urtean, Armeniako Erresuma sortu zen. Handik aurrera, hiria garrantzia galtzen hasi zen.

587. urtean, erromaren ardurapean egon zen hiria eta, 600. urte inguruan, gaur egungo hiriaren iparraldean, Avan herrian, eliza bat eraiki zen. Urte batzuk geroago Musulmanak etorri ziren hirira. 2 mendez arabiarren eskuetan izan ostean, matxinada bat izan zen. Axot I.a Armeniarra hirian sartu zen, 850. urtean.

XIII. mendean Mongolen agindupean egon zen. Hurrengo mendeko bigarren erdian Turkiarrak etorri ziren. 1400. urtean, Timurrek 60.000 armeniar esklabu gisa hartu zituen eta hiriko biztanleria asko murriztu zen.

Ismail I.ak Erevan hartu zuen 1501. urtean. Hurrengo hiru mendeetan Persiarrek kontrolatu zuten hiria denbora gehien, baina Turkia eta Persiaren arteko gerretan, hiria gobernu batetik bestera 14 aldiz aldatu zuen, 1513 eta 1737. urteen artean.

1555. urtean, Amasyako bakea sinatu zen. Hala ere, 1582-1583 urteetan eta Serdar Ferhad Pasha lider gisa zutela, Turkiarrek hiriaren kontrola hartu zuten. Honek, gotorleku bat eraiki zuen antzinako gotorlekuaren hondakinetan. 1604. urtean, hiria galdu zuten eta Persiarren eskuetan geratu zen, berriro. Ondorengo urteetan, armeniako biztanleria, Erevanekoa barne, persiara bidalia izan zen. Horrela, Erevaneko biztanleria % 80 musulman eta % 20 armeniar izatera pasa zen.

1679. urteko ekainaren 7an, lurrikara bortitz batek hiria guztiz suntsitu zuen.

Geroago, Errusia eta Persiaren arteko gudan, Errusiarrek hiriara sartu ziren, 1827ko urriaren 1ean.

1918. urtean, Lehenengo Mundu Gerra amaitu ondoren Armeniako hiriburu izendatua izan zen. Urte horretan, Turkiarrak, hiritik 7 kilometrotara ailegatu ziren eta Batumgo Ituna sinatu zuten.

1920ko abenduaren 4ean Errusiarrek okupatu zuten hiria. Hurrengo urteko otsailaren 16an, errusiarren aurkako matxinada hasi zen eta apirilaren 2ra arte iraun zuen.

Errusiarrek hiria modernizatu zuten eta milioi bateko biztanleria izatera pasa zen. Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, alemaniar presoak hiriaren zenbait eraikin eta zubi egiteko erabiliak izan ziren. Errusiarrak 1991ko irailaren 1ean joan ziren. Gasa eta elektrizitatea mantentzea zaila izan zitzaien orduan eta ez zuten 1996. urtera arte guztiz konpondu.

Herrixka txiki bat izatetik hiri handi bat izatera pasa zen XX. mendean. 1900. urtean, 30.000 biztanle inguru bakarrik zituen eta 1940. urtean aldiz, 200.000 biztanle inguru. Biztanleria eten gabe igo zen 1980ko hamarkada arte. 1990eko hamarkadan, krisi ekonomikoagatik hiriak biztanle asko galdu zituen. 1989. urteko 1.250.000 biztanletik, 2001eko 1.1000.000 biztanle ingurura pasa zen. XXI. mendean, biztanleria kopuru horren inguruan mantendu da.

Politika eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erevango udaletxea.

Erevan Armeniako hiriburua da 1918tik, Armeniako Lehen Errepublikaren independentzia aldarrikatu zenetik. Ararat lautadan kokatua, Armeniako lurralde historikoen erdigunean, errepublika berriaren hiriburu izateko hautatu zuten.

Armenia Sobietar Batasuneko errepublika bihurtu zenean, Erevanek hiriburu izaten jarraitu zuen, eta bertan kokatu ziren errepublikako erakunde politiko eta administratiboak. 1991n Armeniak independentzia berreskuratu ondoren ere, Erevan herrialdeko politika- eta administrazio-gune nagusia izaten jarraitu zuen. Bertan daude, besteak beste, Gobernuaren egoitza, Armeniako Batzar Nazionala, presidentearen egoitza, Armeniako Banku Zentrala, Konstituzio Auzitegia, ministerioak eta estatuko beste erakunde nagusiak.

Erevanek 1879ko urriaren 1ean jaso zuen hiri-estatusa, Alexandro II.a Errusiako tsarraren dekretu baten bidez. Hiriko lehen udal-kontseilua Hovhannes Ghorghanyanek zuzendu zuen, Erevango lehen alkateak.

1995eko Armeniako Konstituzioak Erevan administrazio-unitate berezi gisa antolatu zuen. 2005eko konstituzio-erreformaren ondoren, Erevan hamaynk edo komunitate bakar gisa definitu zen, eta haren tokiko autogobernuaren ezaugarriak lege berezi baten bidez arautzen dira.[8]

Erevango tokiko autogobernuaren organoak Udal Kontseilua eta alkatea dira. Udal Kontseiluak 65 kide ditu eta hiriko biztanleek ordezkaritza proportzionaleko hauteskunde-sistemaren bidez aukeratzen dituzte.[9]

Administrazio-barrutiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erevango barrutiak

Erevan 12 administrazio-barrutitan banatuta dago. Barruti horiek tokiko administrazioa herritarrengana hurbiltzeko eta hiriaren lurralde-kudeaketa antolatzeko erabiltzen dira.[9]

Barrutia Armenieraz
Ajapniak[3] Աջափնյակ
Arabkir[3] Արաբկիր
Avan[3] Ավան
Davtaxen[3] Դավթաշեն
Erebuni[3] Էրեբունի
Kanaker-Zeitun[3] Քանաքեռ-Զեյթուն
Kentron[3] Կենտրոն
Malatia-Sebastia[3] Մալաթիա-Սեբաստիա
Nork-Marash[3] Նորք-Մարաշ
Nor Nork[3] Նոր Նորք
Nubaraxen[3] Նուբարաշեն
Xengavit[3] Շենգավիթ

Ekonomia eta zerbitzuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erevango industriak jarduera ugari hartzen ditu barne: produktu kimikoak, metalak eta altzairuzko produktuak, makineria, kautxuzko eta plastikozko produktuak, alfonbrak, ehungintza, jantziak eta oinetakoak, bitxigintza, zurezko produktuak eta altzariak, eraikuntza-materialak eta harriaren lanketa, edari alkoholdunak, ur minerala, esnekiak eta elikagai prozesatuak. 2013an Erevanek Armeniako urteko industria-ekoizpen osoaren % 41 sortzen zuen.[10]

1990eko hamarkadako krisi ekonomikoak herrialdeko industria gogor jo bazuen ere, zenbait lantegik jardunean jarraitu zuten, bereziki industria petrokimikoan eta aluminioaren sektorean.

Erevango brandy-fabrika.

Armeniako edariek, bereziki brandyak eta garagardoak, nazioarteko ospea dute. Erevanen edari alkoholdunak ekoizten dituzten Armeniako eta Kaukasoko hainbat enpresa garrantzitsu daude, besteak beste Yerevan Ararat Brandy Factory, Yerevan Brandy Company, Yerevan Champagne Wines Factory, Beer of Yerevan (Kilikia garagardoa), Armco Brandy Factory, Proshyan Brandy Factory eta Astafian Wine-Brandy Factory.

Tabakoaren sektorean Cigaronne eta Grand Tabak enpresak aipatzen ditu ingelesezko Wikipediak.

Armeniako alfonbragintzak antzinako tradizioan ditu sustraiak, eta alfonbra-ekoizpena ere garatu da Erevanen. Hiru fabrika nagusik eskuz egindako alfonbrak ere ekoizten dituzte; Megerian Carpet da sektoreko enpresa nagusietako bat.[11][12][13]

Hiriko beste industria-lantegi nagusien artean daude Nairit produktu kimiko eta kautxuzkoen fabrika, Rusal Armenal aluminio-xaflen fabrika, Grand Candy gozogintza-enpresa armeniar-kanadarra, Arcolad txokolate-fabrika, Marianna esneki-fabrika, Talgrig Group gari- eta irin-produktuen enpresa, Shant izozki-fabrika, Crown Chemicals pintura-enpresa, ATMC trabertino-enpresa, AWI erloju-fabrika, Erevango bitxigintza-lantegia eta Arzni, Sil eta Dilijan Frolova ur mineralen fabrikak.

Elikagaien industriak haragi prozesatua, kontserbak, garia eta irina, gozokiak eta txokolatea, fruta lehorrak eta edariak ekoizten ditu. Eraikuntzako materialen artean trabertinoa, harri birrindua, asfaltoa eta asfaltozko hormigoia daude.

Finantzak eta bankuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erevan nazioarteko enpresa askoren egoitza da eta Armeniako finantza-gune nagusia da. Bertan daude Armeniako Banku Zentrala, Armeniako burtsa eta herrialdeko merkataritza-banku nagusietako gehienak.[14]

2013ko datuen arabera, Erevanek Armeniako urteko zerbitzu guztien % 85 baino gehiago eta txikizkako merkataritzaren % 84 baino gehiago biltzen zuen.

Errusiako zerbitzu-enpresa eta bankuen filial ugarik izan dute presentzia Erevanen; ingelesezko Wikipediak, besteak beste, Gazprom, Ingo Armenia, Rosgosstrakh eta VTB Bank aipatzen ditu. ACBA-Credit Agricole Frantziako Crédit Agricole taldearekin lotuta egon da, eta HSBC Bank Armeniak ere hirian jardun izan du.

Eraikuntzaren sektoreak hazkunde handia izan zuen XXI. mendeko lehen hamarkadan. 2000. urtetik aurrera Erevanek eraikuntza-boom handia izan zuen, neurri handi batean Errusian eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi ziren armeniar aberatsek finantzatua. Hiriaren berrurbanizazio-prozesua zabala eta eztabaidatua izan zen: XVIII. eta XIX. mendeetako eraikin ugari eraitsi eta eraikin berriekin ordezkatu ziren.

Hazkunde horrekin batera higiezinen prezioak nabarmen igo ziren.

Hirian hainbat eraikuntza-proiektu handi egin ziren, besteak beste Iparraldeko etorbidea eta Aram kaleko Erevan Zaharra birgaitzeko proiektua. Iparraldeko etorbidea 2007an amaitu eta ireki zen. Hirigunean errepideak berritzeko lan handiak ere egin ziren, baita Errepublika plaza berritzekoak ere; azken horiek Kirk Kerkorian enpresaburu armeniar-estatubatuarrak finantzatu zituen.

Bestalde, Argentinan bizi zen Eduardo Eurnekian enpresaburu armeniarrak aireportuaren kudeaketa hartu zuen, eta Kaskadaren garapen-proiektua Gerard L. Cafesjian armeniar-estatubatuar enpresaburuak finantzatu zuen.

Sektoreak, ordea, beherakada handia izan zuen XXI. mendeko lehen hamarkadaren amaieran, 2007-2009ko higiezinen eta finantza-krisi globalaren ondorioz. 2013an Erevanek Armeniako eraikuntza-sektore osoaren % 58 baino gehiago hartzen zuen.

Fitxategi:Kanaker HPP.jpg
Kanakerreko zentral hidroelektrikoa.

Hiria Hrazdan ibaiaren ertzean kokatuta egoteak energia hidroelektrikoa ekoiztea ahalbidetu du. Sevan-Hrazdan ur-jauziaren barruan hiru zentral hidroelektriko daude Erevango administrazio-lurraldean: Kanakerreko zentrala, Erevan-1 eta Erevan-3.

Kanakerreko zentral hidroelektrikoa sistemako zentral nagusietako bat da.[15]

Hirian Erevango zentral termikoa ere badago, Erevango hegoaldean. Jatorrizko zentrala 1961ean jarri zen martxan. 2007an zentral moderno bat eraikitzen hasi ziren, elektrizitatea sortzeko gas- eta lurrun-ziklo konbinatuko turbina batekin.[16]

Turismoa eta gaueko aisialdia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fitxategi:Yerevan Opera House at night.jpg
Kafetegiak Opera Antzokiaren inguruan.
Grand Hotel Yerevan, 1926tik martxan.

Armeniako turismoa urtez urte garatzen joan da, eta Erevan herrialdeko turismo-helmuga nagusietako bat da. Hiriak luxuzko hotel ugari ditu, baita jatetxe, taberna, pub eta diskoteka modernoak ere. Zvartnots nazioarteko aireportua ere berritu egin da herrialdera iristen diren turisten kopuruak gora egin ahala.[17]

Erevango toki ugari dira turistentzat erakargarri: Errepublika plazako iturri dantzariak, Opera Antzokia, Kaskada, Urartuko Erebuni hiriaren hondakinak (Arin Berd) eta Karmir Blur aztarnategi historikoa (Teishebaini), besteak beste.

Hiriko hotel ezagunen artean daude Ani Plaza Hotel, Armenia Marriott Hotel Yerevan, Grand Hotel Yerevan, Radisson Blu Hotel, Best Western Congress Hotel, DoubleTree by Hilton, Hyatt Place, Ibis Yerevan Center eta The Alexander.

Erevanen kokapenak berak ere erakartzen ditu bisitariak, Ararat mendiaren ikuspegia eskaintzen baitu. Hiriaren inguruan, gainera, hainbat monumentu historiko, eliza eta gotorleku daude, besteak beste Garni tenplua, Zvartnots katedrala, Khor Virap eta Geghard monasterioak.

Erevanek gaueko aisialdi-eskaintza zabala du: zuzeneko musika-aretoak, oinezkoentzako eremuak, kaleko kafetegiak, jazz-kafetegiak, te-etxeak, pubak, karaoke-lokalak eta jatetxeak.

Erevango zooa, 1940an sortua; Erevango zirkua, 1956an irekia; eta Yerevan Water World, 2001ean irekia, hiriko aisialdi-gune ezagunen artean daude.

Iparraldeko etorbideak Opera Antzokia eta Abovyan kalea lotzen ditu, eta oinezkoentzako eremu ezaguna da, etxebizitza-eraikin moderno, negozio-zentro, jatetxe, taberna eta kafetegiekin. Kaskada eta Tamanyan kaleko Cafesjian Sculpture Garden ere hiriko gune ezagunak dira; inguru horretan oinezkoentzako eremua eta kafetegi, taberna eta jatetxe ugari daude.

Cafesjian Center for the Arts zentroak arte-ekitaldiak antolatzen ditu urte osoan zehar, besteak beste musika klasikoko zikloak, herri-dantza tradizionaleko ekitaldiak eta jazz, pop eta rock kontzertuak.[18]

Armeniako kulturaren gune denez, Erevanen Erevaneko Estatuaren Unibertsitatea sortu zen 1919an. Zientzia Akademia, historia museoa, opera, musika kontserbatorioa eta hainbat institutu tekniko ditu. Matenadaran liburutegiak aintzinako eskuizkribu armeniarrak, greziarrak, asiriarrak, juduak, erromatarrak eta pertsiarrak ditu. Hainbat liburutegi publiko, museo, antzoki, lorategi botaniko eta zoo ditu. Trenbide sarearen gunea da eta nekazaritza produktuen salmenta gune nagusia da. Hiriko industriak metala, makinentzako tresneria, tresneria elektrikoa, kemikoak, ohialak eta janaria ematen ditu. Tokiko enpresetaz gain, Mendebaldeko Europako, Errusiako eta Estatu Batuetako enpresa multinazionalak ere badira. Opera, Urartu gotorlekua eta erromatar gotorlekua toki turistiko nagusiak dira.

Hraparak
Armeniako Galeria Nazionala.

Erevanen museo, arte-galeria eta liburutegi ugari daude. Horien artean nabarmenenak Armeniako Galeria Nazionala, Armeniako Historia Museoa, Cafesjian Arte Museoa, antzinako eskuizkribuen Matenadaran liburutegia eta Tsitsernakaberdeko Armeniar Genozidioaren Oroimen Multzoan dagoen Armeniar Genozidioaren Museoa dira.

Armeniako Galeria Nazionala eta Armeniako Historia Museoa 1921ean sortu ziren, eta hiriko museo nagusien artean daude. Armeniar margolarien lanen erakusketa iraunkorraz gain, Galeria Nazionalak artista alemaniar, estatubatuar, austriar, belgikar, espainiar, frantses, hungariar, italiar, nederlandar, errusiar eta suitzarren margolan, marrazki eta eskulturen bilduma dauka.[19]

Armeniar Genozidioaren Museoa Tsitsernakaberdeko Armeniar Genozidioaren Oroimen Multzoaren behealdean dago, eta garaiko lekukoen testigantza, testu eta argazki ugari erakusten ditu.

Cafesjian Arte Museoa Erevango Kaskadaren barruan dagoen arte-zentroa da, 2009ko azaroaren 7an inauguratua. Beirazko artelanen bilduma handia erakusten du, bereziki Stanislav Libenský eta Jaroslava Brychtová artista txekiarren lanak. Kanpoko lorategietan Gerard L. Cafesjianen bildumako eskulturak daude.

Erebuni Museoa 1968an sortutako arkeologia-museoa da, eta Erebuni gotorlekuan egindako indusketetan aurkitutako Urartuko objektuak gordetzen ditu. Erevango Historia Museoa eta Armeniar Federazio Iraultzailearen Historia Museoa ere hiriko museo aipagarrien artean daude; lehenak Erevango historia du ardatz, eta bigarrenak Armeniako Lehen Errepublikarena.

Ama Armenia monumentu-multzoko Museo Militarrak armeniar soldaduek Bigarren Mundu Gerran eta Karabakh Garaiko gatazkan izandako parte-hartzea azaltzen du.

Erevanen arte-museo ugari ere badaude. Sergei Parajanov Museoa 1988an ireki zen eta Parajanoven zinema- eta pintura-lanei eskainita dago.[20] Komitas Museoa 2015ean ireki zen, eta Komitas armeniar konpositorearen musika-arteari eskainita dago.

Charents Literatura eta Arte Museoa, 1921ean irekia; Erevango Arte Modernoko Museoa, 1972an irekia; eta Ekialde Hurbileko Arte Museoa, 1993an irekia, hiriko beste arte-museo aipagarri batzuk dira.

Museo biografikoak ere ugariak dira Erevanen. Armeniar poeta, margolari eta musikari ospetsu askoren etxe-museoak daude, besteak beste Hovhannes Tumanyan poetarena, Aram Khachaturian konpositorearena, Martiros Saryan margolariarena, Khachatur Abovian idazlearena eta Charles Aznavour abeslari armeniar-frantziarrarena.

Zientzia eta teknologiari buruzko hainbat museo ere ireki dira Erevanen, besteak beste Armeniar Medikuntzaren Museoa (1999), Erevango Espazio Museoa (2001), Zientzia eta Teknologia Museoa (2008), Komunikazioen Museoa (2012) eta Little Einstein Zientzia Museo Interaktiboa (2016).

Teryan kalean dagoen Armeniako Liburutegi Nazionala hiriko eta herrialde osoko liburutegi publiko nagusia da. 1832an sortu zen, eta 1939tik gaur egungo eraikinean dago. Erevango beste liburutegi nazional bat Khnko Aper Haur Liburutegia da, 1933an sortua.

Beste liburutegi publiko nagusien artean daude Avetik Isahakyan Liburutegi Zentrala, 1935ean sortua; Medikuntza Zientzien Errepublikako Liburutegia, 1939an sortua; Zientzia eta Teknologia Liburutegia, 1957an sortua; eta Musika Liburutegia, 1965ean sortua. Gainera, Erevango administrazio-barruti bakoitzak bere liburutegi publikoak ditu.

Matenadaran antzinako eskuizkribuen liburutegi-museoa eta ikerketa-zentroa da. 17.000 antzinako eskuizkribu inguru biltzen ditu, baita Erdi Aroko hainbat Biblia ere. Artxiboetan armenierazko, antzinako grezierazko, aramerazko, asirierazko, hebreerazko, latinezko eta persierazko eskuizkribuen bilduma baliotsuak gordetzen dira. Erevango erdialdeko Mashtots etorbidean dago.

2010eko ekainaren 6an, UNESCOk Erevan hautatu zuen 2012ko Liburuaren Munduko Hiriburu izateko. Armeniako hiriburua hautatu zuten aurkeztutako programaren kalitate eta aniztasunagatik.[21]

Armeniako Artxibo Nazionala 1923an sortu zen. Ikerketa-zentro eta dokumentu-gordailua da, eta 3,5 milioi dokumentu-unitate baliotsu inguru biltzen ditu.

Erevan armeniar alfonbragintza tradizionalaren gune historikoetako bat da. Erevan inguruan K.a. VII. mendeko edo lehenagoko alfonbra-zatiak aurkitu dira indusketa arkeologikoetan. Tradizioak garapen handiagoa izan zuen XVI. mendetik aurrera, Erevan Persiar Armeniako hiri nagusi bihurtu zenean.

Hiriko alfonbragintza nabarmen aberastu zen XIX. mendean Otomandar Inperiotik etorritako mendebaldeko armeniarren migrazioarekin eta XX. mendearen hasieran genozidiotik ihesi iritsitako armeniar errefuxiatuekin. Hirian Arm Carpet fabrika ireki zen 1924an; geroago Tufenkian eskuz egindako alfonbrak ekoizten hasi zen 1994an, eta Megerian 2000n.

Erevango Vernissage aire zabaleko erakusketa eta azoka 1980ko hamarkadaren amaieran sortu zen Aram kalean. Armeniar artisautza tradizionaleko produktu ugari eskaintzen ditu, bereziki zurezko eskulturak, alfonbrak eta tapizak. Bestalde, Opera Antzokiaren inguruko Saryan parkea margolariek beren lanak erakusteko ohiko gunea da.

Armenian Center for Contemporary Experimental Art zentroa 1992an sortu zen Erevanen, eta artista profesionalen arteko esperientzia-trukea sustatzen duen sorkuntza-zentroa da.[22]

Alexander Spendiaryanen estatua, haren izena daraman musika-eskolaren aurrean.

Jazza, musika klasikoa, folk musika eta musika tradizionala dira Erevan hirian ezagunak diren generoen artean. Armeniar musika tradizional eta modernoko talde, orkestra eta abesbatza ugari aritzen dira hirian.

Armeniako Orkestra Filarmonikoa 1925etik dago aktibo. Erevanen eta Armenia osoan musika klasikoa sustatzeko eta interpretatzeko sortu zen. 1933an, Armeniako Opera Antzokia inauguratu zenean, orkestrak egoitza iraunkorra lortu zuen bertan. 1953an Aram Khachaturian izena hartu zuen Opera Antzokiko kontzertu-aretoak, eta Armeniako Orkestra Filarmonikoaren egoitza bihurtu zen.

Aram Khachaturian kontzertu-aretoak eta Alexander Spendiaryan Opera eta Ballet Antzoki Nazional Akademikoak kontzertu eta opera ugari hartzen dituzte.

Armeniako Ganbera Musikaren Zentro Nazionalak, bestalde, Komitas Ganbera Musikaren Etxean antolatzen ditu kontzertuak. Aretoa 1977an inauguratu zen eta Armeniako Ganbera Orkestra Nazionalaren egoitza da.

Erevango Opera Antzokia 1933an inauguratu zen. Eraikin berean Alexander Spendiaryan Opera eta Ballet Antzoki Nazional Akademikoa eta Aram Khachaturian kontzertu-aretoa daude.

Erevanen jazzak ere tradizio luzea du. Hiriko lehen jazz-taldea 1936an sortu zen. Gaur egun hainbat jazz- eta etno-jazz talde aritzen dira hirian. Kaskadaren inguruan dagoen Malkhas Jazz Club hiriko zuzeneko jazz-gune ezagunenetako bat da.

Erevan Jazz Fest urtero egiten den jazz-jaialdia da. Armenian Jazz Association elkarteak antolatzen du, Erevango Udalaren laguntzarekin.[23]

Dantza tradizionala oso ezaguna da armeniarren artean. Udako hilabeteetan ohikoa da jendea taldean dantzan ikustea Kaskadan edo Iparraldeko etorbidean.

Sobietar garaian dantza-talde profesionalak sortu ziren hirian. Armeniako Kantu eta Dantza Taldea 1938an sortu zuen Tatul Altunyanek. Ondoren, Armeniako Estatuko Dantza Taldea sortu zen 1958an.

Berd Dance Ensemble taldea 1963an sortu zen, eta Karin Traditional Song and Dance Ensemble, berriz, 2001ean.

Erevanen antzerki profesional ugari daude, batez ere Alexander Spendiaryan Opera eta Ballet Antzoki Nazional Akademikoa, Gabriel Sundukian Estatuko Antzoki Akademikoa, Hakob Paronyan Musika Komediaren Estatuko Antzokia, Stanislavski Errusiar Antzokia, Hrachya Ghaplanyan Drama Antzokia eta Sos Sargsyan Hamazgayin Estatuko Antzokia.

Gabriel Sundukian Estatuko Antzoki Akademikoa Armeniako antzerki moderno zaharrenetako bat da. 1922an sortu zen Erevanen eta Gabriel Sundukian idazle eta dramaturgoaren izena darama.

Hakob Paronyan Musika Komediaren Estatuko Antzokia 1941ean sortu zen. Armeniar idazle eta satirista Hakob Paronyanen izena hartu zuen.

Hrachya Ghaplanyan Drama Antzokia 1967an sortu zen; Sos Sargsyan Hamazgayin Estatuko Antzokia, berriz, 1991n.

Hirian hainbat antzerki espezializatu ere badaude, besteak beste Erevango Txotxongilo Antzokia, 1935ean sortua; Erevango Pantomima Estatuko Antzokia, 1974an sortua; eta Erevango Estatuko Ganbera Antzokia, 1982an sortua.

Zinema armeniarra 1923ko apirilaren 16an sortu zen ofizialki, Armeniako gobernu sobietarrak Zinema Armeniarreko Estatuko Batzordea eratu zuenean.

1924ko martxoan Armeniako lehen zinema-estudioa, Armenfilm (armenieraz: Հայֆիլմ), ireki zen Erevanen. Estudioak Soviet Armenia izeneko dokumentalarekin hasi zuen bere jarduera.

Namus, Hamo Beknazarianek zuzendu eta Alexander Shirvanzaderen antzezlanean oinarritutako 1925eko film mutua, Armeniako lehen film mutu zuri-beltza izan zen. Filmak bi maitaleen patua kontatzen du: haien familiek txikitatik hitzeman dituzte elkarrekin, baina namus edo ohorearen tradizioaren urraketek tragediara eramaten dituzte.

Armeniako lehen film soinuduna Pepo izan zen, 1935ean estreinatua eta Hamo Beknazarianek zuzendua.

Erevanen zinema-areto ugari izan dira. Moskva zinema 1936ko abenduaren 12an ireki zen, Pepo film sobietar-armeniarraren emanaldiarekin. Nairi zinema 1920ko hamarkadan ireki zen, eta 1954an gaur egungo eraikinera lekualdatu zen.

Golden Apricot Erevango Nazioarteko Zinema Jaialdia 2004an sortu zen, eta urtero egiten da Erevanen. Mundu osoko film eta zinemagileak biltzen ditu, eta armeniar zinemaren eta nazioarteko zinemaren arteko topagune bihurtu da.[24]

Zinema- eta bestelako arte-jaialdiez gain, Erevanen herritarrak zein bisitariak erakartzen dituzten ospakizun publiko ugari egiten dira. Vardavar armeniarren artean gehien ospatzen den jaietako bat da, eta Armeniako iragan paganoan ditu sustraiak. Pazkotik 98 egunera, hau da, 14 astera, ospatzen da. Vardavar egunean adin guztietako pertsonek elkarri ura botatzeko ohitura dute.

Ohikoa da balkoietatik kalean dabiltzanei ur-ontziak botatzea. Erevango Opera Antzokiaren ondoan dagoen Beltxargen aintzira Vardavar ospatzeko hiriko toki ezagunenetako bat da.

2015eko abuztuan, Erevango Udalaren laguntza zuen Teryan Kultur Zentroak Armeniako jantzi tradizionalari eskainitako lehen jaialdia antolatu zuen, Yerevan Taraz Fest izenekoa.[25]

Armenia ardogintzaren antzinako eskualdeetako bat denez, ardo-jaialdi ugari egiten dira herrialdean. Erevanen urteroko lehen ardo-jaialdia, Yerevan Wine Days, 2016ko maiatzean egin zen lehen aldiz.

Watermelon Fest 2013an sortu zen eta hiriko ospakizun ezagunetako bat bihurtu zen. Yerevan Beer Fest ere urtero egiten da abuztuan; 2014an antolatu zen lehen aldiz.

Erevanen telebista- eta irrati-kate publiko zein pribatu ugari daude. Armeniako Telebista Publikoa 1956an hasi zen emititzen eta 1996an satelite bidezko telebista bihurtu zen.

Beste telebista-kate batzuen artean daude Armenia TV, Kentron TV, Shant TV eta Shant TV Premium. Hiriko tokiko telebista-kate aipagarrien artean, berriz, Yerkir Media, Armenia 2, Shoghakat TV, Yerevan TV eta 21TV daude.

Erevanen argitaratzen diren egunkari ezagunen artean daude Aravot, Azg, Golos Armenii eta Hayastani Hanrapetutyun.

Errepublika plaza.

Monumentu historikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Gregorio Argitzailearen katedrala.

Erevango eraikin asko atzerriko inbasioen ondorioz edo 1679ko lurrikara suntsitzailean desagertu ziren. Hala ere, hainbat eraikinek neurri batean iraun zuten eta ondorengo urteetan zaharberritu zituzten.

Erebuni gotorlekua, Arin Berd izenez ere ezaguna, Erevan hiria K.a. 782an Argixti I.a erregeak sortu zuen muinoa da. Lehenagoko garaietako beste egitura batzuen aztarnak ere aurkitu dira Shengaviten.

Avan barrutian, Erevango iparraldean, dauden IV. mendeko Jainkoaren Ama Santuaren kapera eta VI. mendeko Tsiranavor eliza hirian bizirik iraun duten kristau-eraikin zaharrenetakoak dira. Avan jatorriz Erevango iparraldeko auzo bat zen, baina hiriaren hedapenarekin hirian integratu zen. Barrutian XII-XIII. mendeetako Surp Hovhannes kaperaren aztarnak ere badaude.

Katoghike eliza, 1264an eraikitako Erdi Aroko kapera —garai batean askoz basilika handiago baten zatia—, hirian ondoen kontserbatu diren elizetako bat da. Zoravor Surp Astvatsatsin eliza ere Erevango elizarik hobekien kontserbatuenetakoa da; 1693-1694an eraiki zuten, lurrikara suntsitzailearen ondoren, Erdi Aroko eliza baten hondakinen gainean.

San Sarkis katedrala 1835 eta 1842 artean berreraiki zuten, eta Armeniar Eliza Apostolikoaren Ararateko Aita Santuaren Elizbarrutiaren egoitza da.

Meskita Urdina, Gök Jami ere deitua, 1764 eta 1768 artean eraiki zuten hiriaren erdialdean, eta gaur egun Armenian jardunean dagoen meskita bakarra da.

Hrazdan ibaiaren Zubi Gorria XVII. mendeko eraikuntza da. 1679ko lurrikararen ondoren eraiki zuten, eta 1830ean berreraiki.

Monumentu garaikideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[[Fitxategi:The opera house in Yerevan.jpg|thumb|Erevango Opera Antzokia. Armeniako Opera eta Ballet Antzoki Nazional Akademikoa, 1933an inauguratua, hiriko monumentu nagusietako bat da; baita Matenadaran, 1959an inauguratua, eta Tsitsernakaberd, Armeniar genozidioaren oroimenezko monumentua, 1967an inauguratua, ere.

Moskva zinema.

Moskva zinema 1937an inauguratu zuten, V. mendeko San Paulo eta San Pedro eliza zegoen lekuan, eta sobietar garaiko arkitekturaren adibide garrantzitsua da. 1959an Yervand Kocharren Sasungo David heroi mitikoari eskainitako monumentua jarri zuten Erevango tren-geltokiaren aurrean. Ama Armenia estatua monumentala, armeniar nazioaren emakumezko pertsonifikazioa, 1967an jarri zuten.

Erevango Kaskada.

Komitas Panteoia 1936an irekitako hilerria da, eta armeniar ospetsu ugari daude bertan lurperatuta. Yerablur, berriz, hilerri militarra da; 1990etik Karabakh Garaiko gatazkarekin lotutako mila armeniar baino gehiago lurperatu dituzte bertan.

Armeniaren independentziaren ondoren hainbat eraikin eta monumentu aipagarri eraiki dira, besteak beste Erevango Kaskada eta San Gregorio Argitzailearen katedrala. Azken hori 2001ean inauguratu zuten, Armenian kristautasuna estatu-erlijio gisa hartu zeneko 1.700. urteurrena ospatzeko.

2016ko maiatzean Garegin Nzhdeh armeniar estatugile eta buruzagi militarraren estatua monumentala jarri zuten Erevango erdigunean.

Erevango Estatu Unibertsitatea.

Erevan eskualdeko hezkuntza-gune nagusietako bat da. Hirian lehen eta bigarren hezkuntzako eskola ugari daude, baita unibertsitate, institutu eta ikerketa-erakunde gehienak ere.

2017an 250 eskola baino gehiago zeuden Erevanen. Horietatik 210 inguru publikoak ziren; eskola publikoen hiru laurden inguru Erevango Udalak kudeatzen zituen, eta gainerakoak Armeniako Hezkuntza Ministerioaren ardurapean zeuden. Beste 40 eskola inguru pribatuak ziren. Udalak, gainera, 160 haur-eskola inguru kudeatzen zituen hirian.

Erevango nazioarteko edo eskola pribatu ezagunen artean daude QSI International School of Yerevan, École Française Internationale en Arménie, Ayb School, Mkhitar Sebastatsi Educational Complex eta Khoren and Shooshanig Avedisian School.

Goi-mailako hezkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erevan Armeniako goi-mailako hezkuntzaren gune nagusia da. 2018an Armenian jarduteko baimena eta akreditazioa zuten 60 goi-mailako hezkuntza-erakunde inguru zeuden, eta horietatik 50 inguru Erevanen zeuden; ia erdiak publikoak ziren.

Hiriko unibertsitate nagusien artean daude Erevango Estatu Unibertsitatea, Armeniako Ameriketako Unibertsitatea, Errusiar-Armeniar Unibertsitatea, Erevango Estatu Medikuntza Unibertsitatea eta Khachatur Abovian Armeniako Estatu Unibertsitate Pedagogikoa.

Erevango Estatu Unibertsitatea 1919an sortu zen, Armeniako Lehen Errepublikaren garaian. 1919ko maiatzaren 16an Armeniako Ministroen Kontseiluak unibertsitatea sortzeko legea onartu zuen.[26] Unibertsitatearen inaugurazio-ekitaldia 1920ko urtarrilaren 31n egin zen Alexandropolen, garai hartan Erevanen beharrezko azpiegiturarik ez zegoelako. Ondoren unibertsitatea Erevanera lekualdatu zen.[27]

XX. mendearen lehen erdian beste goi-mailako hezkuntza-erakunde batzuk sortu ziren hirian: Erevango Estatu Medikuntza Unibertsitatea eta Khachatur Abovian Armeniako Estatu Unibertsitate Pedagogikoa 1922an, Komitas Erevango Estatu Kontserbatorioa 1923an, Armeniako Nekazaritza Unibertsitate Nazionala 1930ean, Armeniako Unibertsitate Politekniko Nazionala 1933an eta Erevango Brusov Hizkuntza eta Gizarte Zientzien Estatu Unibertsitatea 1935ean.

1944an Erevango Antzerki eta Zinematografia Estatuko Institutua sortu zen; 1945ean Armeniako Kultura Fisikoaren eta Kirolaren Estatuko Institutua; eta 1946an Erevango Arte Ederren Estatuko Akademia. Armeniako Ekonomiako Estatu Unibertsitatea 1975ean sortu zen.

Armeniak independentzia berreskuratu zuen garaian goi-mailako beste erakunde batzuk ere sortu ziren. Armeniako Ameriketako Unibertsitatea (AUA) 1991n sortu zen, Armenian mendebaldeko estiloko goi-mailako hezkuntza eskaintzeko. Unibertsitateak 1991ko irailaren 21ean ireki zituen ateak, Armeniak independentzia aldarrikatu zuen egun berean.[28] Armeniako Gobernuaren, Kaliforniako Unibertsitatearen eta Armenian General Benevolent Union erakundearen laguntzarekin sortu zen.[29]

Errusiar-Armeniar Unibertsitatea 1997an sortu zen, Armeniako Errepublikaren eta Errusiako Federazioaren arteko estatuarteko akordio baten bidez. Lehen ikasleak 1999an hasi ziren Zuzenbidea, Administrazio Publikoa eta Udal Administrazioa eta Kazetaritza ikasten.[30]

Zientzia eta ikerketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erevan Armeniako zientzia- eta ikerketa-gune nagusia da. Hirian daude herrialdeko ikerketa-erakunde nagusietako asko, besteak beste Armeniako Zientzien Akademia Nazionala, A. Alikhanyan Fisika Laborategi Nazionala eta CANDLE Sinkrotroi Ikerketa Institutua.

Zientzien Akademia Nazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniako Zientzien Akademia Nazionala 1943an sortu zen, Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistako Zientzien Akademia izenarekin. Haren aurrekaria Sobietar Batasuneko Zientzien Akademiaren Armeniako adarra izan zen, 1935ean sortua.[31]

Akademia sortu zenean 23 akademiko zituen, tartean Manuk Abeghian, Alikhanian anaiak, Hrachia Acharian, Avetik Isahakian, Viktor Hambardzumian eta Orbeli anaiak. Hovsep Orbeli historialari eta orientalista izan zen haren lehen presidentea.[32]

1947an Viktor Hambardzumian astrofisikaria hautatu zuten Akademiako presidente. Haren zuzendaritzapean, Armeniako zientzia-erakundeek garapen handia izan zuten hainbat arlotan, bereziki fisikan, matematikan, astronomian eta astrofisikan.[33]

Akademiaren mendeko hainbat ikerketa-institutu Erevanen daude, eta natur zientziak, zientzia teknikoak eta giza eta gizarte-zientziak lantzen dituzte. Armeniar ikasketek edo armenologiak ere leku garrantzitsua dute Akademiaren jardueran.

Erevango fisikako ikerketa-zentro nagusietako bat A. Alikhanyan Fisika Laborategi Nazionala da, lehen Erevango Fisika Institutua (YerPhI) izenekoa.

Institutuko fisika esperimentalaren jardueraren garapenean mugarri izan zen 1967an ARUS elektroi-sinkrotroia martxan jartzea. Azeleragailuak 6 GeV arteko energia lor zezakeen.[34]

1970etik 1991ra Erevango sinkrotroiak ikerketa-jarduera handia izan zuen, 4,5 GeV arteko energia-eremuan. Besteak beste, protoiaren eta neutroiaren erradio elektromagnetikoak, fotoien propietate hadronikoak eta nukleoi-erresonantzien egitura ikertu ziren.[35]

CANDLE Sinkrotroi Ikerketa Institutua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CANDLE Sinkrotroi Ikerketa Institutua 2002an sortu zen. Haren helburua Armeniarako ikerketa-azpiegitura zientifiko eta esperimental modernoa garatzea da, bereziki azeleragailuen fisika eta teknologia, erradiazio-iturri berriak eta elektroi- eta fotoi-sortak erabiltzen dituzten ikerketak garatzeko.[36]

Institutuaren proiektu nagusietako bat CANDLE da (Center for the Advancement of Natural Discoveries using Light Emission), 3 GeV-eko hirugarren belaunaldiko sinkrotroi-argi iturri gisa diseinatua. Biologian, fisikan, kimikan, medikuntzan, materialen zientzian eta ingurumen-zientzietan oinarrizko ikerketa nahiz ikerketa aplikatua egiteko pentsatua dago.[37]

CANDLE proiektuaren lehen fasetzat hartzen da AREAL (Advanced Research Electron Accelerator Laboratory) elektroi-azeleragailu lineala. Elektroi-pultsu ultralaburrak sortzeko diseinatuta dago, azeleragailu-kontzeptu berriak, erradiazio-iturri koherenteak eta prozesu atomiko eta molekularrak ikertzeko.[38]

AREAL azeleragailuaren lehen elektroi-sorta 2013ko abenduaren 20an lortu zen, eta instalazioaren inaugurazio-ekitaldia 2014ko uztailaren 22an egin zen.[39]

CANDLE institutuak nazioarteko hainbat ikerketa-erakunderekin lankidetzan dihardu, besteak beste DESY, Paul Scherrer Institutua, Hanburgoko Unibertsitatea, Italiako INFN, Northern Illinois University eta Fermilab erakundeekin.[40]

Hrazdan estadioa.
Vazgen Sargsyan Errepublika Estadioa.

Erevan Armeniako kirol-jardueraren gune nagusia da. Hirian herrialdeko kirol-instalazio nagusietako asko daude, eta futbola, xakea, saskibaloia, tenisa eta gimnasia artistikoa dira bertan praktikatzen diren kirol nabarmenetako batzuk.

Futbola Erevanen eta Armenia osoan gehien praktikatzen eta jarraitzen diren kiroletako bat da. Hiriko hainbat klubek Armeniako futbol-lehiaketa nagusietan parte hartzen dute. Erevango klub arrakastatsuenen artean daude FC Pyunik, FC Ararat Yerevan, FC Urartu, FC Alashkert eta FC Ararat-Armenia.[41]

Hrazdan estadioa Erevanen dago eta Armeniako kirol-instalazio handienetako bat da. Hiriko beste estadio nagusia Vazgen Sargsyan Errepublika Estadioa da, Armeniako selekzioak etxeko partidak jokatzeko erabili izan duena.

Armeniako Futbol Federazioaren Erevango Futbol Akademia 2010ean inauguratu zen. Entrenamendu-konplexu modernoa da eta Avan barrutian dago.[42]

Erevango futbolaren historian Ararat Erevanek leku berezia du. Sobietar garaian hiriko klub nagusia izan zen, eta 1973an Sobietar Liga eta Sobietar Kopa irabazi zituen. 1975ean Sobietar Kopa berriro irabazi zuen. 1973ko ligako garaipenari esker Europako Futbol Kopa jokatu zuen, eta 1974-1975eko denboraldian final-laurdenetara iritsi zen; han Bayern Munichek kanporatu zuen.[43]

Xakeak tradizio eta presentzia handia du Erevanen. Hirian xake-talde eta prestakuntza-eskola ugari daude, eta xakea Armeniako eskola publikoetako ikasketa-programan dago 2011tik.[44]

Tigran Petrosian Xake Etxea 1970ean ireki zen Erevanen, eta 1984tik bederatzigarren munduko xake-txapeldunaren izena darama. Henrik Gasparyanen izena daraman xake-eskola espezializatua 1971n sortu zen; Armeniako Xake Akademia, berriz, 2002an.[44]

1996an Erevanek 32. Xake Olinpiada hartu zuen.[44] Armeniako taldeak ondoren Xake Olinpiada irabazi zuen 2006an Turinen, 2008an Dresdenen eta 2012an Istanbulen.

Erevanek nazioarteko beste xake-lehiaketa garrantzitsu batzuk ere hartu ditu. Armeniako Xake Federazioaren arabera, 2014an Europako Banakako Xake Txapelketa egin zen hirian; Armenian, halaber, Munduko Taldekako Txapelketak egin ziren 2001ean eta 2015ean.[44]

Armeniako saskibaloi profesionaleko etxeko txapelketaren lehen denboraldia, Armenia Basketball League A izenekoa, 2017ko urrian hasi zen, zazpi talderekin. Lehen denboraldi hartan Erevan lau klubek ordezkatu zuten: Engineer Yerevan, FIMA Basketball, BC Grand Sport eta BC Urartu.

Tenisa ere Erevanen praktikatzen diren kiroletako bat da. Hirian hainbat tenis-klub daude, eta haietako batzuk sobietar garaian sortu ziren.

Incourt Tennis Club 1974an sortu zen eta hiriko tenis-klub handienetako bat da, estalitako zein aire zabaleko pista ugarirekin. Ararat Tennis Club 1990ean sortu zen.

Tenis-instalazioak daude, halaber, Erevango Olinpiar Erreserbako Estatuko Kirol Eskolan —1971tik— eta Erevango Futbol Akademian —2010etik—.

Sargis Sargsian eta Ani Amiraghyan, Armeniako tenislaririk nabarmenenetako bi, Erevanen jaioak dira.

Gimnasia artistikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armeniak gimnasia artistikoko hainbat olinpiar txapeldun eman zituen sobietar garaian, besteak beste Hrant Shahinyan, Albert Azarian eta Eduard Azarian. Gimnasta armeniarren Olinpiar Jokoetako arrakastak kirol horren ospea handitzen lagundu zuen.

Ondorengo belaunaldietako gimnasta armeniarrak ere Europako eta munduko txapelketetan aritu dira, besteak beste Artur Davtyan eta Harutyun Merdinyan.

Erevanen gimnasia artistikoko hainbat eskola publiko daude. Albert Azarian Eskola 1964an ireki zen, eta Hrant Shahinyan Eskola 1965ean.

Beste kirol batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erevanen beste hainbat kiroletarako instalazioak ere badaude. Karen Demirchyan Kirol eta Kontzertu Gunea hiriko kirol- eta ekitaldi-areto nagusietako bat da.

Hirian daude, halaber, Erevango belodromoa, irristaketa artistiko eta hockey eskola, zaldi-klubak eta Olympavan Olinpiar Entrenamendu Konplexua.

Panarmeniar Jokoak gehienbat Erevanen egiten dira. Lehen edizioa 1999ko abuztuaren 28tik irailaren 5era egin zen, eta 23 herrialdetako 62 hirietako ordezkariek parte hartu zuten.[45]

Aire-garraioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zvartnots nazioarteko aireportua.

Erevango aireportu nagusia Zvartnots nazioarteko aireportua da, hiriaren erdigunetik 12 kilometro mendebaldera dagoena.

Bigarren aireportua Erebuni aireportua da, hiriaren hegoaldean. Armeniaren independentziaz geroztik, Erebuni aireportua batez ere hegaldi militar eta pribatuetarako erabiltzen da. Armeniako Aire Armadak base bat du bertan.

Garraio publikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erevango garraio publikoa, nagusiki, Erevango Udalaren agintepeko enpresek kudeatzen dute, besteak beste Yerevan Bus, Yerevan Electric Transport eta Erevango metroa. 2020ko hamarkadan hiriko garraio publikoaren sistema sakon berrantolatu da: autobus eta minibus zaharren zati handi bat ordezkatu da, eta lehen enpresa pribatuek ustiatzen zituzten hainbat linea udal-kudeaketara igaro dira.[46]

2026an Erevango hiri barruko 64 autobus-lineak 752 autobuseko flotarekin zerbitzatzen dira. Horietatik 632 inguru aritzen dira lanegunetan, eta 502 asteburu eta jaiegunetan. 2020 eta 2024 artean Udalak 749 autobus berri erosi zituen, edukiera txiki, ertain eta handikoak.[47]

Hiriko minibusak, tokian marxrutka izenez ezagunak, garraio publikoaren zati garrantzitsua izan ziren luzaroan. Garraio-sistemaren erreformarekin haien erabilera nabarmen murriztu da, eta Errusian egindako GAZelle minibus zaharrak zerbitzutik kendu dira.

Erevango trolebus sarea 1949an jarri zen martxan. Flota nabarmen berritu zen 2022 eta 2026 artean. 2026an Yerevan Electric Transport enpresak 75 trolebus erabiltzen ditu bost lineatan.[48]

Erevanek 1906tik izan zuen tranbia-sarea 2004ko urtarrilean itxi zuten.

Hiriko autobus, minibus, trolebus eta metroarentzako txartel-sistema elektroniko bateratua 2025eko urtarrilaren 1ean jarri zen erabat indarrean.[49] Bidaiariek kontakturik gabeko banku-txartelak, garraio-txartel berrerabilgarriak edo telefono mugikorreko txartelak erabil ditzakete.

Erevango metroaren sarea.

Erevango metroa 1981ean inauguratu zen. Hiriko metro-sistemak linea bakarra du, eta iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du Erevan.

Metroa sobietar garaian eraiki zen eta, Armeniaren independentziaren ondoren ere, hiriko garraio publikoaren osagai nagusietako bat izaten jarraitu du.

Erevango tren-geltoki nagusia.

Erevango tren-geltoki nagusia Sasungo David plazan dago, eta 1956tik erabiltzen den eraikinean kokatuta dago. Hiria Armeniako trenbide-sarearen erdigune nagusia da.

Erevandik Armeniako beste hainbat hiritara iristen dira trenbideak. Nazioarteko trenbide-konexioek Georgiarekin lotzen dute Armenia; historikoki Erevanetik Tbilisi eta Batumi aldera bidaiarientzako tren-zerbitzuak ere izan dira.

Herri eta hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erevan ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. ↑ Euskaltzaindia. Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia. .
  3. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 Euskaltzaindia. (PDF) 163. arauaː Georgieraren eta armenieraren alfabetoetan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistemak. (kontsulta data: 2026-10-01).
  4. ↑ Azatian, V.; Hakopian, T.. (1989). Երևան Ереван Yerevan. Erevan: ИПО Parberakan, 284 or..
  5. ↑ (Ingelesez) Brunn, Stanley D.; Toops, Stanley W.; Gilbreath, Richard. (2012). The Routledge Atlas of Central Eurasian Affairs. Routledge, 52 or. ISBN 978-1-136-31047-8..
  6. ↑ (Armenieraz) «Էրեբունի» պետական արգելոցի տարածքն ընդլայնվում է. NEWS.am (kontsulta data: 2026-10-04).
  7. ↑ "Climatological Information for Yerevan, Armenia" – pogoda.ru.net
  8. ↑ (Ingelesez) Administrative divisions of Armenia. (kontsulta data: 2026-10-04).
  9. 1 2 (Ingelesez) «Administrative districts of Yerevan» www.yerevan.am (kontsulta data: 2026-10-04).
  10. ↑ (Ingelesez) Yerevan. Armeniako Errepublikako Estatistika Zerbitzu Nazionala.
  11. ↑ (Ingelesez) Tufenkian Trans Caucasus Co. Ltd.. Spyur (kontsulta data: 2026-10-04).
  12. ↑ (Ingelesez) Araratrugs Closed Joint-Stock Company. Spyur (kontsulta data: 2026-10-04).
  13. ↑ (Ingelesez) Megerian Carpet. Spyur (kontsulta data: 2026-10-04).
  14. ↑ (Ingelesez) Central Bank of Armenia. Armeniako Banku Zentrala (kontsulta data: 2026-10-04).
  15. ↑ (Ingelesez) Kanaker Hydroelectric Power Plant. ARKA (kontsulta data: 2026-10-04).
  16. ↑ (Ingelesez) Yerevan Combined Cycle Co-generation Power Plant. (kontsulta data: 2026-10-04).
  17. ↑ (Ingelesez) Tourism in Armenia. Armeniako Ekonomia Ministerioa (kontsulta data: 2026-10-04).
  18. ↑ (Ingelesez) Events. Cafesjian Center for the Arts (kontsulta data: 2026-10-04).
  19. ↑ (Ingelesez) National Gallery of Armenia. Armeniako Galeria Nazionala (kontsulta data: 2026-10-04).
  20. ↑ (Ingelesez) Sergei Parajanov Museum. Sergei Parajanov Museum (kontsulta data: 2026-10-04).
  21. ↑ (Ingelesez) Yerevan named World Book Capital 2012. UNESCO (kontsulta data: 2026-10-04).
  22. ↑ (Ingelesez) Armenian Center for Contemporary Experimental Art. ACCEA (kontsulta data: 2026-10-04).
  23. ↑ (Ingelesez) Yerevan Jazz Fest. (kontsulta data: 2026-10-04).
  24. ↑ (Ingelesez) About Golden Apricot. Golden Apricot Yerevan International Film Festival (kontsulta data: 2026-10-04).
  25. ↑ (Ingelesez) Yerevan Taraz Fest. Erevango Udala (kontsulta data: 2026-10-04).
  26. ↑ (Ingelesez) The foundation of Yerevan State University. Yerevan State University (kontsulta data: 2026-10-04).
  27. ↑ (Ingelesez) The foundation of Yerevan University. Yerevan State University (kontsulta data: 2026-10-04).
  28. ↑ (Ingelesez) History of the University. American University of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  29. ↑ (Ingelesez) 1991 – AUA History Timeline. American University of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  30. ↑ (Ingelesez) History Overview. Russian-Armenian University (kontsulta data: 2026-10-04).
  31. ↑ (Ingelesez) History of the National Academy of Sciences of the Republic of Armenia. National Academy of Sciences of the Republic of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  32. ↑ (Ingelesez) History of the National Academy of Sciences of the Republic of Armenia. National Academy of Sciences of the Republic of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  33. ↑ (Ingelesez) History of the National Academy of Sciences of the Republic of Armenia. National Academy of Sciences of the Republic of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  34. ↑ (Ingelesez) History. A. Alikhanyan National Science Laboratory (kontsulta data: 2026-10-04).
  35. ↑ (Ingelesez) History. A. Alikhanyan National Science Laboratory (kontsulta data: 2026-10-04).
  36. ↑ (Ingelesez) About Us. CANDLE Synchrotron Research Institute (kontsulta data: 2026-10-04).
  37. ↑ (Ingelesez) CANDLE. CANDLE Synchrotron Research Institute (kontsulta data: 2026-10-04).
  38. ↑ (Ingelesez) AREAL. CANDLE Synchrotron Research Institute (kontsulta data: 2026-10-04).
  39. ↑ (Ingelesez) CANDLE Board Meeting. CANDLE Synchrotron Research Institute (kontsulta data: 2026-10-04).
  40. ↑ (Ingelesez) About Us. CANDLE Synchrotron Research Institute (kontsulta data: 2026-10-04).
  41. ↑ (Ingelesez) Football clubs. Football Federation of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  42. ↑ (Ingelesez) Technical Center-Academy. Football Federation of Armenia (kontsulta data: 2026-10-04).
  43. ↑ (Ingelesez) Armenia: the cleverest nation on earth. BBC World Service 2009-10-18 (kontsulta data: 2026-10-04).
  44. 1 2 3 4 (Ingelesez) Chess in Armenia. Armeniako Xake Federazioa (kontsulta data: 2026-10-04).
  45. ↑ (Ingelesez) Pan-Armenian Games. World Committee of Pan-Armenian Games (kontsulta data: 2026-10-04).
  46. ↑ (Ingelesez) Transport. Erevango Udala (kontsulta data: 2026-10-04).
  47. ↑ (Ingelesez) Transport. Erevango Udala (kontsulta data: 2026-10-04).
  48. ↑ (Ingelesez) Electric transportation. Erevango Udala (kontsulta data: 2026-10-04).
  49. ↑ (Ingelesez) The unified ticketing system to be fully put into operation from January 1. Erevango Udala 2024-09-24 (kontsulta data: 2026-10-04).
  50. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 (Ingelesez) Yerevan Municipality Official Website. (kontsulta data: 2018-08-25).
  51. ↑ (Ingelesez) Sister Cities International - Cambridge. (kontsulta data: 2018-08-26).
  52. ↑ (Ingelesez) Sister Cities International - Los Angeles. (kontsulta data: 2018-08-26).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Geografia
Armenia
Artikulu hau Armeniako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.