Edukira joan

Golem

Wikipedia, Entziklopedia askea
Golem
גולם
Leprechaun baten marrazkiaGolem baten irudikapena.
Pertsonaia Mitologikoaren Ezaugarriak
Mota Mitologia edo kondairazko izakia
Mitologia Judu mitologia
Txekiar mitologia
Lekua Josefov edo Judu auzoa, Praga
 Txekia

Golema (hebreeraz גולם) Judu mitologia eta Txekiar mitologiako izakia da.

Izakia bizirik gabeko materiaz eginda dago. Gaur egungo hebreeraz Golem hitzak "ergel" nahiz "inozo" esan nahi du. Dirudienez izena gelem hitzetik ("lehengai") eratorria omen da. Gershom Scholemek bere "Kabala eta sinbolismoa" liburuan dioenez, Golem Pragako ghettoan hogeita hamahiru urtez behin sarrerarik gabeko gela bateko leihoan agertzen den izakia omen da.

Golemaren izateak bere alde onak eta txarrak baditu. Golemak ez dira buruargiak, hots, eginkizun edo betebehar bat agintzen zaienean, aginduak hitzez hitz betetzen dituzte.

Azken aipamen horren inguruan, gertakari bat oso ospetsua da: haren arabera, errabinoaren emazteak "ibaitik ura atera zezan" joateko agindu omen zion. Horrela, golemak agindua hitzez hitz bete zuen : ibaira joan eta ura etengabe ateratzen hasi zenez, hirian uholdea jazo zen.

Izaki horretan oinarritutako kontakizunek beren jatorria Erdi Aroan dute. Halere, denetan kondairarik ospetsuena honako hau da: XVI. mendean Pragako Judah Loew errabinoak sortu omen zuen, Josefov edo Judu auzoa juduen aurkako erasoetatik babesteko helburuz, baita Sinagoga Zahar-Berriko betebeharretan lagundu zezan ere. Betiere kondairaren arabera, izaki hori Moldava ibai ertzeko lokatzez egin omen zuen. Legezko erritualak egin ostean, errabinoak Golema garatu eta hebreerazko sorginkeria batzuk aipatzearekin bat biziarazi egin zuen.

Hasiera batean Golemak jendeari eta errabinoari berari eguneroko betekizunetan bikain laguntzen zien. Halere, denbora iragan ahala, Golema gero eta handiagoa eta indartsuagoa bilakatzen hasi zen; horrekin bat, basatiagoa ere bihurtu zen, eta hiriko jendea jo eta hil egiten zuen. Hiritarrek errabinoari Golema suntsitzen bazuen juduen aurkako erasoak bertan behera geldituko zirela hitz eman zioten. Errabinoa ados agertu zen. Golema suntsitzeko asmoz, errabinoak izaki horren kopetean idatzirik zegoen "Emet" hitzeko lehenbiziko E hizkia ezabatu zuen eta horrela hebreerazko "heriotza" hitza sortu. Modu horretan, Golema suntsitu zuen.

Kondairaren arabera, Pragako Golemaren hondakinak Altneuschul-eko ganberan omen daude. Hala, hondakin horiek behar izanez gero, berriz ere berpiztu daitezke.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]