Orka
Orka edo ezpalarta [1](Orcinus orca) horzdun zetazeoen barruan sailkatzen den itsas ugaztuna da, eta izurde ozeanikoen familiako (Delphinidae) espezie handiena. Orcinus generoko bizirik dirauen espezie bakarra da gaur egun eta, bere morfologia eta kolorazio bereizgarriak direla eta, erraz identifika daiteke. Gorputzaren dortsala beltza da, eta alde bentrala, berriz, zuria. Gainera, begien inguruan orban zuri bereizgarriak ditu. Euskal Herriko kostaldean ere ezagutzen da. Historikoki euskal baleazaleek bereziki jarraitu eta ehizatu zutena beren balea-arrantza espedizioetan.
Banaketa geografikoari dagokionez, orka espezie kosmopolita da, eta mundu osoko itsas inguruneetan aurki daiteke, Artiko zein Antartikoko eskualdeetatik itsaso tropikaletaraino. Hala ere, espeziearen presentzia bereziki ohikoa da latitude epeletako eta hotzetako kostaldeko uretan. Zenbait ikertzailek mundu mailako populazioa arraza edo azpiespezie desberdinetan banatzea proposatu dute, eta zenbait kasutan, populazio horiek espezie bereizitzat hartzeko aukera ere planteatu da.
Orkak dieta zabaleko goi-harrapakariak dira. Populazio desberdinek harrapakin desberdinak harrapatzen dituzte, hala nola osteiktioak, marrazoak, arraiak eta itsas-ugaztunak. Animalia taldekoiak dira, eta zenbait populazio talde matrilinealak osatzen dituzte. Ehiza-teknika oso sofistikatuak eta portaera bokalak dituzte, askotan talde bakoitzean bakarrak direnak. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren ohitura hauek animalia-kulturaren adierazgarritzat hartzen dira. Gehien aztertutako populazioak Ipar Ameriketako mendebaldeko kostaldean daude. Eremu horretan hiru talde mota bereizten dira: arrainez elikatzen diren populazio egoiliarrak, ugaztunez elikatzen diren populazio iragankorrak eta itsas zabaleko populazioak.
Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) arabera, orkaren kontserbazio-egoera ez da nahikoa, orka mota desberdinak espezie bereiziak izan daitezkeelako. Bestalde, tokiko komunitate batzuk mehatxupean edo arriskuan daude, baliabideen gehiegizko ustiapena, habitaten suntsiketa, kutsadura, itsas erreserbetarako erauzketak eta arrantza-jarduerarekiko liskarrak direla eta. Horregatik, 2005eko amaieran, hegoaldeko orkak AEBetako Espezie Mehatxatuen zerrendara gehitu ziren.
Orkak hainbat eskualdetako herri indigenek, besteak beste, Pazifikoko ipar-mendebaldekoek, Australiakoek[2] eta Perukoek[3], gurtu eta errespetatu izan dituzte. Mendebaldeko kulturetan, berriz, historikoki beldurra izan zaie. Horrez gain, balea-arrantzaleek orkak harrapatu izan dituzte espezie handiagoen populazioak gutxitu zirenean. Horren adibide garbia da Euskal Herriko baleazaleen historia: mendez mende Bizkaiko Golkoan zein Ternuan baleak ehizatzeaz gain, orkak ere (euskal tradizioan sarritan "potoak" edo "kalamarrak" deituak) harrapakin preziatu bihurtu ziren beren olioa eta haragia aprobetxatzeko.
Hala ere, 1960ko hamarkadan orken inguruko ikuspegia aldatzen hasi zen, herritarren eta zientzialarien artean animalia horiei buruzko ezagutza handitzen joan zelako. Ordutik aurrera, orkak itsas parkeetan ikuskizunak egiteko trebatu izan dira, baina praktika hori etikoa ez izateagatik kritikatu izan da. Gaur egun, orka basatiak dira mehatxu bat gizakientzat. Hala ere, gatibutasunean dauden orkek zaintzaileak zauritu edo hil izan dituzte itsas parke tematikoetan.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orcinus generoan gaur egun bizi den espezie bakarra da Orcinus orca. Carl Linneok 1758an argitaratutako Systema Naturae[4] lan ospetsuaren 10. edizioan deskribatutako espezieetako bat da. 1558an orka baten lehen deskribapen zientifikoa Conrad Gessnerrek egin zuen, Historia animalium bildumaren barruko Piscium & aquatilium animantium natura lanean. Deskribapen hori egiteko, Greifswaldeko badian lehorreratu eta tokiko jendearengan jakin-min handia piztu zuen hildako orka bat aztertu zuen.
Duela 11 milioi urte inguru sortu zen izurde ozeanikoen familia, eta orka familia horretako 35 espezieetako bat da. Orken lerro ebolutiboa garai hartatik gutxira bereizi zela uste da. Espezie honek antzekotasun morfologikoak ditu orka beltzarekin, orka nanoarekin eta kalderoiekin; hala ere, zitokromo b geneko sekuentzien azterketa baten arabera, gaur egun bizi diren bere seniderik hurbilenak Orcaella generoko izurdeak dira.
Dena den, 2018ko azterketa berriago batek Lissodelphininae azpifamiliako talde ahizpa gisa kokatzen du orka (azpifamilia horretan biltzen dira, adibidez, Lagenorhynchus eta Cephalorhynchus generoetako delfinak). Aitzitik, 2019an egindako ikerketa filogenetiko batek ondorioztatu zuen orka Delphinidae familiako gainerako kide guztien talde ahizpa dela, Atlantikoko izurde albizuria (Leucopleurus acutus) izan ezik.
Ezaugarri morfologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orkak izurdeen familiako kide bizidun handienak dira. Arrek 6 eta 8 metro arteko luzera izan ohi dute, eta 6 tona baino gehiago pisatzen dute. Emeak txikiagoak dira, normalean, 5 eta 7 metro artean neurtzen dute eta 3 eta 4 tona artean pisatzen dute.[5] Izan ere, orkak handiagoak izan daitezke, eta 10 metroko arrak zein 8,5[6] metroko emeak erregistratu dira. Tamaina handiko arrek 10 tonatik gorako pisua izan dezakete, eta eme handiek, berriz, 7,5 tonatik gorakoa. Kumeek, jaiotzean, 180 kg inguru pisatzen dute eta 2,4 metro[7] [8]inguruko luzera dute. Orkaren eskeletoa izurde ozeaniko baten tipikoa da, baina askoz ere sendoagoa.[9]

Beren pigmentazio[10] bereziari esker, orka helduak oso gutxitan nahasten dira beste edozein espezierekin. Distantziatik ikusten direnean, ale gazteak orka faltsuekin edo kalderoi grisekin nahas daitezke. Orka, gehienbat, beltza da, baina ondo definitutako gune zuriak ditu. Beheko masailezur osoa zuria da. Handik hasita, kolore zuria sabelalderaino iristen da, eta genitalen eremuraino hedatzen da[11]. Bidean pixka bat estutu zein zabaldu egiten da, eta amaieran alboetara ere hedatzen da. Hegats kaudalaren azpialdea zuria da. Gainera, begien atzean zein gainean orban obalatu zuriak dituzte, eta bizkar-hegatsaren atzealdean orban gris edo zuri bat ageri da. Arrek eta emeek azal beltz eta zuriaren patroi desberdinak dituzte beren genital-eremuetan. Jaioberrietan, gune zuriak horiak edo laranjak dira. Orka antartikoek bizkarra gris argia edo ia zuria izan dezakete; gutxi batzuk marroiak eta horiak ere izan lirateke, uretako diatomeen eraginez. Orka albinoak zein melanikoak ere dokumentatu dira.
Orken hegats pektoralak handiak eta biribilduak dira, pala-formakoak, eta sexu-dimorfismoa ageri dute, arrarenak emeenak baino nabarmen handiagoak baitira. Antzeko aldeak ikus daitezke hegats dortsaletan ere: arrarenak 1,8 metroko altuera har dezake, emearenak baino bi aldiz handiagoak izanik. Gainera, arraren hegats dortsalak triangelu isoszele luzatuaren forma du; emearena, berriz, kurbatuagoa da.[12] Sexuen arteko desberdintasunak burezurrean ere antzematen dira, ar helduek beheko masailezur luzeagoa eta gandor okzipital[13] nabarmenagoak baitituzte emeek baino. Orkaren muturra kamutsa da, eta ez du beste izurde-espezie batzuen moko bereizgarririk. Harrapakinak harrapatzeko, hortz oso sendoak eta indar handiko masailezurrak ditu. Ahoa ixtean, goiko hortzak beheko hortzen arteko tarteetan kokatzen dira; horri esker, erdiko eta atzeko hortzek harrapakinari eusten diote. Aurreko hortzak, aldiz, zertxobait aurrerantz eta kanporantz inklinatuta daude, harrapakinak egiten dituen bat-bateko mugimendu bortitzek hortzak kaltetu ez ditzaten.
Orka bakoitza identifikatzeko, hegats dortsalaren eta buruaren bi alboetan dituzten orban zurien ezaugarriak hartzen dira kontuan. Izan ere, hegats dortsalean agertzen diren koskak, marradurak eta urradurak, baita orban zurien forma eta banaketa ere, banako bakoitzaren bereizgarriak dira. Ezaugarri horiek oinarri hartuta, Ipar Ozeano Bareko ehunka orken argazkiak eta izenak biltzen dituzten katalogoak argitaratu dira. Argazkien bidezko identifikazioari esker, tokiko populazioaren tamaina urtero zenbatu ahal izan da, estimazioetan soilik oinarritu beharrean. Gainera, metodo horrek orkaren bizi-zikloak eta sozietate-egitura hobeto ezagutzeko aukera eman du.[14]
Banaketa geografikoa eta habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orkak ozeano guztietan eta itsaso gehienetan aurkitzen dira. Hala ere, latitude altuetako ur hotzak nahiago dituzte, baita kostaldetik gertu dauden eremuak ere. Espeziea ikertzeko leku garrantzitsuen artean Islandiako kostaldeak, Norvegia, Argentinako Valdés penintsula, Crozet irlak, Zelanda Berria eta Kaliforniatik Alaskara doan kostaldeko hainbat leku daude.[15] Ikerketa sistematikoek orka dentsitate altuenak (>0,40 banako 100 km 2-ko) ipar-ekialdeko atlantikoan aurkitu dituzte. Ekialdeko pazifikoan (0,20–0,40 banako 100 km 2-ko) ohikoak dira Columbia Británica, Washington eta Oregonen kostaldeen inguruan. Antartidan orkak bakisaren ertzeraino mugitzen dira, eta uste da bakisan barnera desplazazen direla izotz zartaduren bidez. Hala ere, udan ez dira bankisara hurbiltzen. Hudson itsasarteko artikoko itsas-izotzaren murrizketaren ondorioz, orken banaketa geografikoa ipar-mendebaldeko atlantikoara hedatu da. Aldizka, ur gezako ibaietara desplazatzen dira, adibidez, Estatu Batuetako Columbia ibaian dokumentatu dira.
Migrazio-patroiak ez dira guztiz ulertzen. Adibidez, uda bakoitzean banako berdinak agertzen dira Columbia Britanica eta Washington kostaldeetan. Hainbat hamarkadatan ikertu arren, gainontzeko urtaroetan orkak nora doazen ez da ezagutzen.[16]
Bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orka emeek 10-13 urte inguruan lortzen dute heldutasuna, eta 20[17] urte inguruan ugalkortasun maximora iristen dira. Emeak askotan 40 urte bete arte ugaldu daitezke, eta ondoren, ugalkortasuna azkar jaisten da.[18] Orkek menopausia jasaten duten eta ugalketa amaitu ondoren hamarkadetan bizi diren animalia gutxietako bat dira.[19] [20]Eme basatien bizi-itxaropena batez beste 50 eta 80 urte bitartekoa da. Batzuk askoz gehiago bizi izan zirela diote: ikertzaile batzuek Granny (J2) orkak 105 urte zituela kalkulatu zuten hil zenean, nahiz eta biopsia lagin batek 65 eta 80 urte bitarteko adina zehaztu zuen.[21] Orka bizirik zaharrenetako bat Ocean Sun da (L25 gisa identifikatua) eta 98 urte baino gehiago dituela kalkulatzen da.[22] Gatibu dauden orkek bizitza laburragoa izan ohi dutela naturan daudenek baino, nahiz eta hori eztabaida zientifikoaren menpe egon.[23][24]
Arrak beste talde desberdinetako emeekin ugaltzen dira, eta horrek endogamia sahiesten du. Haurdunaldia 15 eta 18 hilabete artekoa da. [25]Amek, normalean, kume bakarra erditzen dute bost urtean behin gutxi gorabehera. Bertako taldeetan, jaiotzak urteko edozein garaitan gertatzen dira, negua ohikoena izan arren. Hilkortasuna oso altua da bizitzako lehen zazpi hilabeteetan, kume guztien % 37-50 hiltzen dira hain zuzen ere.[26] Titia kentzea 12 hilabete ingururekin hasten da, eta bi urterekin amaitzen da. Hainbat eskualdetan egindako behaketen arabera, taldeko ar eta eme guztiek parte hartzen dute kumeen zaintzan. [27]
Arrek 15 urtetan lortzen dute heldutasun sexuala, baina normalean ez dira 21 urte bete arte ugaltzen. Arrek 59 urte bete arte ugaldu daitezke askotan. Ar basatiak batez beste 29 eta 30 urte artean bizi dira, gehienez 50 eta 60 urte bitartekoak izanik.[28][29] Old Tom izeneko ar bat ikusi omen zuten negu oro 1840ko eta 1930eko hamarkadetan Gales Berrian, Australian, eta horrek 90 urte inguru izango zituela esan daiteke. Hortzen azterketak 35 urte inguruan hil zela erakutsi zuen, baina adina zehazteko metodo hau ez dela zehatza uste da animalia zaharragoentzat. [30]Pazifikoko ipar-mendebaldeko ikertzaileek ezagutzen duten ar batek (J1 gisa identifikatuak) 59 urte zituela kalkulatzen da 2010ean hil zenean.[31] Eskoziako uretan dagoen arrik zaharrena John Coe da (W001 gisa identifikatua), 65 urte dituela kalkulatzen da, [32]eta Puget Soundeko Harbeson izeneko ar batek (T087 gisa identifikatuak) 64 urte inguru dituela uste da.[33] Orkak bereziak dira zetazeoen artean, haien isats-atalak adinarekin luzatzen baitira, eta horrek buruak nahiko laburrak bihurtzen ditu.[34]

Haur-hilketa, lehen orka gatibuetan bakarrik gertatzen zela uste zena, Britainiar Kolunbiako ikertzaileek populazio basatietan ikusi zuten 2016ko abenduaren 2an. Gertakari honetan, ar heldu batek eme baten kumea hil zuen talde berean, ar helduaren ama ere erasoan parte hartu zuen. Teorizatzen da arrak kume gaztea hil zuela bere amarekin parekatzeko (beste haragijale espezie batzuetan gertatzen den zerbait), arraren amak bere semearen ugalketa aukerak handitzeko. Erasoa amaitu zen kumearen amak erasotzailea jo eta zauritu zuenean. Portaera hori izurde espezie txikiago askoren portaerarekin bat dator, hala nola izurde handienarekin. Hala ere, arraroa dirudi arrek behartutako parekatzeak orketan.[29]
Orken elikadura eta ehiza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orkak itsasoko harrapakari gorenak dira, ez baitute harrapakari naturalik. «Itsasoko otsoak» ere ezagutzen zaie, taldean ehizatzen dutelako.[35] Dieta oso anitza dute: arrainak, zefalopodoak, itsas ugaztunak, itsas hegaztiak eta itsas dortokak jaten dituzte. Hala ere, populazio bakoitza harrapakin jakin batzuetan espezializa daiteke, eta horrek eragin handia izan dezake harrapakin horien populazioetan.[36] Orkek denbora gehiena sakonera txikiko uretan ematen dute,[37] baina ehizatzeko ehunka metrora murgil daitezke.[38] Batez beste, 227 kilogramo elikagai kontsumitzen dituzte egunean.[39]
Arrainak orken elikagai nagusietako bat dira. Norvegiako eta Groenlandiako itsasoetako populazio batzuk sardinzarretan espezializatuta daude; Ipar-ekialdeko Ozeano Bareko orka egoiliarren dietan, berriz, izokinak dira nagusi. Zeelanda Berrian eta beste eskualde batzuetan, marrazoak eta arraiak ere harrapatzen dituzte.
Orkak itsas ugaztunen harrapakari eraginkorrak dira. Adibidez, izurdeak ehizatzen dituztenean, harrapakinen atzetik ibiltzen dira, haiek agortu arte, eta askotan banako bat taldetik bereizten saiatzen dira. Belugak eta narbalak ere harrapa ditzakete, baita balea grisak, balea konkordunak eta balea urdinak. Balea handiak ehizatzeak ahalegin eta koordinazio handia eskatzen du; horregatik, orkek sarritan kumeak ehizatzen dituzte.[40]
Azken batean, orken elikadura oso moldakorra da, eta haien ehiza-teknikak harrapakin motaren eta bizi diren eremuaren arabera aldatzen dira.
Mehatxuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]UICNren arabera, espezieak dituen mehatxu nagusiak hurrengoak dira: ustekabeko harrapaketak eta nahita eragindako heriotzak, erakusketarako harrapaketak, dietaren bidez kutsatzaileak metatzea, giza jarduerek eragindako eragozpenak, petrolio gordinaren isurketak eta gehiegizko arrantzaren nahiz klima-aldaketaren ondoriozko harrapakinen murrizketa.
Ustekabeko harrapaketak eta nahita eragindako heriotzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zetazeo hauek ustekabean harrapa daitezke arrantza-jardueretan, baina hori gutxitan gertatzen dela uste da. 2003 eta 2005 artean Hego Korean egindako ikerketa batean, dendetan saltzen zen balea-haragian markatzaile molekularrak aztertu ziren, eta orka-haragiaren ebidentziak aurkitu ziren.
Populazio batzuk, Alaskako Prince William Sound-ekoak esaterako, nabarmen murriztu ziren balea-arrantzaleek mendeku gisa orkei tiro egiten zietelako.[41] 2009an, praktika hori ia erabat desagertuta bazegoen ere, Alaskan eta Gibraltarko itsasartean egiten jarraitzen zuten.
Kutsadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsas ugaztun gehienek bezala, orkek ere giza jardueren ondoriozko kutsadura jasaten dute. Adibidez, Washington estatuko uretan, bifenilo polikloratuen (PCB) eta DDTaren kontzentrazio handiak aurkitu ziren ar heldu baten ehun adiposoan, 250 ppm eta 640 ppm, hurrenez hurren.[42] Halaber, 38 ppm PCB eta 59 ppm DDE aurkitu ziren orkaren populazio egoiliar bateko ar batean. 2000. urtean, ohiz kanpoko kutsatzaile-maila altuak aurkitu ziren Kanadako British Columbiako kostaldeko uretan bizi ziren hiru orka-taldetan (bi egoiliar eta ibiltari bat).[43] Hain zuzen ere, talde ibiltaria izan zen kaltetuena. Horrek iradokitzen du eskualde horretako orka-talde ibiltariek eragin toxikoak jasateko arrisku handiagoa dutela. Izan ere, British Columbia hegoaldeko uretan bizi diren orka-talde egoiliarrak eta ibiltariak munduko zetazeorik kutsatuenen artean daude.
Munduko beste leku batzuetan egindako analisiek antzeko emaitzak eman dituzte. Norvegia iparraldeko orkak Artikoko animalia kutsatuenen artean daude. PCB eta pestiziden batez besteko kontzentrazioak (25 µg/g koipeko) eta PBDEenak (0,5 µg/g) hartz zurietan (Ursus maritimus) neurtutako mailak baino handiagoak dira.
Kutsadura akustikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orkek soinuak erabiltzen dituzte ekolokalizaziorako, komunikaziorako eta entzumen pasiborako. Horregatik, gizakiok sortutako zaratek haien entzumen-gaitasuna oztopa dezakete. Zarata-iturri horien artean daude sonarra, itsas trafikoak eragindako zarata, soinu bidezko disuasio-gailuak eta itsasontzien eraikuntzan sortutako zaratak.
2002ko azterlan baten arabera, itsasontziek sortutako zaratak orkeei nabarmen eragiten ziela ikusi zen. Ontziak abiadura handian doazenean, orkek 16 kilometrora entzun ditzakete. Ondorioz, beste orken deiak entzutea eragotzi diezaiekete. Hala ere, hainbat ontzik aldi berean eta denbora luzez zarata igortzen badute, entzumen-galera iraunkorra eragin diezaieke.
Adimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adimentsutzat jotzen dira: zetazeo guztien artean, orka bigarrena da burmuinaren tamainari dagokionez, kaxalotearen atzetik.
Animalia taldekoiak dira, ehiza, eraso edota defentsa estrategia landuak gara ditzaketelako eta gizakiak gatibu harturik, erraz treba ditzakeelako.
Gizabanako eta taldearen trebetasuna eta jakintza belaunaldiz belaunaldi igarotzen dutela frogatuta dago, amak bere kumeari ondo irakatsitako prozesu luzean.
Horretaz guztiaz gain, orkak hirugarrenen aldetik egoerari probetxua ateratzeko gai direla ere badakigu: esate baterako, arrantzaleen sareak bere onura edo etekinerako baliatzeko gai dira, eta iruzurrak etekina ekartzen badie, iruzur egiteko gai ere badira.
Haien komunikazioa garatua dela ere frogatuta dago, hizkera edo komunikatzeko era zein soinu anitzez osatua. Orken dialekto gisa ezagutzen den ideia nahiko zabalduta dago munduan alor biologikoan.
Zentzumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orkak ikusmen eta entzumen fina (bai ur-azpian bai ur-kanpoan) izaten badute ere, bere zentzumenik fin, garatu eta ikusgarriena sonar (ekokokapen edo ekolokazio izenekin ere ezaguna) bidez egiten dutena da, 6. zentzumen gehigarri horrekin sagar baten tamainakoa edo handiagoa den edozer topatzeko gai dira, hamarnaka metrora eta urik ilunenetan ere. Sonar frekuentziak etengabe erabiltzen dituzte inguruan duten guztiaren etengabeko berri izateko. Beraz, zentzumen teknika hori oinarrizkoa eta berebizikoa da orken munduan (zetazeo gehienetan bezala), bai komunikaziorako zein elikadurarako.
Igeriketa eta urpekaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orkak bizkor igeri egiteko gai dira, baina ez dute oso sakon urperatzeko dohainik. Oro har, 5-10 km/h-ko abiaduran mugitzen dira, baina 40 km/h-ko gehienezko abiadura har dezakete lasterka doazenean. Abiadura errekorra 55 km/h da; eta espezimen entrenatu baten urperatze errekorra 260 metrokoa da, nahiz eta bizitza basatian normalean horrelako sakontasunera murgiltzen ez diren. Batez besteko urperatze denbora 5 minutu pasatxokoa da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Orcinus orca» CABI Compendium 2019-11-20 (kontsulta data: 2026-10-15).
- ↑ (Ingelesez) «Shining a light on the Cultural Significance of Whales | WWF-Australia» wwf.org.au (kontsulta data: 2026-10-15).
- ↑ (Ingelesez) Daley, Jason. «Ancient Orca Geoglyph Rediscovered in Peru» Smithsonian Magazine (kontsulta data: 2026-10-15).
- ↑ (Ingelesez) 10th edition of Systema Naturae. 2026-05-25 (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Baird, Robin W.. (2006-08-31). Killer Whales of the World: Natural History and Conservation. Voyageur Press ISBN 978-0-7603-2654-1. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Heyning, John E.; Dahlheim, Marilyn E.. (1988-01-15). «Orcinus orca» Mammalian Species (304): 1. doi:. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ «Killer Whale (Orcinus orca)» The Western Arctic Seas Encyclopedia (Springer International Publishing): 180–181. 2017 ISBN 978-3-319-25581-1. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Samarra, Filipa I. P.. (2025-02-10). «Killer whale (Orcinus orca)» Nature Ecology & Evolution 9 (2): 364–364. doi:. ISSN 2397-334X. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Heyning, John E.; Dahlheim, Marilyn E.. (1988-01-15). «Orcinus orca» Mammalian Species (304): 1. doi:. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Heyning, John E.; Dahlheim, Marilyn E.. (1988-01-15). «Orcinus orca» Mammalian Species (304): 1. doi:. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Ford, John K. B.; Ellis, Graeme M.; Olesiuk, Peter F.; Balcomb, Kenneth C.. (2009-09-15). «Linking killer whale survival and prey abundance: food limitation in the oceans' apex predator?» Biology Letters 6 (1): 139–142. doi:. ISSN 1744-9561. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Hauser, Donna D. W.; VanBlaricom, Glenn R.; Holmes, Elizabeth E.; Osborne, Richard W.. (2023-03-09). «Evaluating the use of whalewatch data in determining killer whale (Orcinus orca) distribution patterns» J. Cetacean Res. Manage. 8 (3): 273–281. doi:. ISSN 2312-2706. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Parker, Charles Thomas; Wigley, Sarah; Garrity, George M. (2008-12-01). «Exemplar Abstract for Komagataeibacter sucrofermentans (Toyosaki et al. 1996) Yamada et al. 2013, Acetobacter xylinus sucrofermentans corrig. Toyosaki et al. 1996, Acetobacter xylinum sucrofermentans (sic) Toyosaki et al. 1996 and Gluconacetobacter sucrofermentans (Toyosaki et al. 1996) Cleenwerck et al. 2010.» The NamesforLife Abstracts (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Obee, Bruce; Ellis, Graeme. (1992). Guardians of the whales: the quest to study whales in the wild. Whitecap Books ISBN 978-1-55110-034-0. (kontsulta data: 2026-10-22).
- ↑ Baird, Robin W.. (2006-08-31). Killer Whales of the World: Natural History and Conservation. Voyageur Press ISBN 978-0-7603-2654-1. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ FORNEY, KARIN A.; WADE, PAUL R.. (2007-01-16). «Worldwide Distribution and Abundance of Killer Whales» Whales, Whaling, and Ocean Ecosystems (University of California Press): 145–162. ISBN 978-0-520-24884-7. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ (Ingelesez) Grimes, Charli; Brent, Lauren J.N.; Ellis, Samuel; Weiss, Michael N.; Franks, Daniel W.; Ellifrit, David K.; Croft, Darren P.. (2023-08). «Postreproductive female killer whales reduce socially inflicted injuries in their male offspring» Current Biology 33 (15): 3250–3256.e4. doi:. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ (Ingelesez) Ward, Eric J.; Holmes, Elizabeth E.; Balcomb, Ken C.. (2009-06). «Quantifying the effects of prey abundance on killer whale reproduction» Journal of Applied Ecology 46 (3): 632–640. doi:. ISSN 0021-8901. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ (Ingelesez) «Aging» Advances in Veterinary Science and Comparative Medicine (Elsevier) 28: 305–341. 1984 doi:. ISBN 978-0-12-039228-5. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Timiras, Paola S., ed. (2007-08-16). Physiological Basis of Aging and Geriatrics. doi:. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ «Plastination of an endangered southern resident killer whale heart (Orcinus orca)» Journal of Plastination 33 (1) 2021-07-31 doi:. ISSN 2311-7761. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ (Ingelesez) «Meet the Southern Residents» Orca Conservancy (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Zhong, Macie. (2020-04-15). «Solution to Orcas in Captivity» International STEAM Communications 1 (1) doi:. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Robeck, Todd R.; Willis, Kevin; Scarpuzzi, Michael R.; O'Brien, Justine K.. (2015-09-29). «Comparisons of life-history parameters between free-ranging and captive killer whale (Orcinus orca) populations for application toward species management» Journal of Mammalogy 96 (5): 1055–1070. doi:. ISSN 0022-2372. PMID 26937049. PMC 4668992. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ (Ingelesez) Wright, Brianna M.; Stredulinsky, Eva H.; Ford, John K. B.. (2023). Würsig, Bernd ed. «Sex in Killer Whales: Behavior, Exogamy, and the Evolution of Sexual Strategies in the Ocean’s Apex Predator» Sex in Cetaceans (Springer International Publishing): 353–383. doi:. ISBN 978-3-031-35650-6. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ McBride, Richard; Maynard, George; Elzey, Scott; Hennen, Daniel; Tholke, Emilee; Runnebaum, Jocelyn; McGuire, Christopher. (2022-10-17). «Evaluating growth dimorphism, maturation, and skip spawning of Atlantic halibut in the Gulf of Maine using a collaborative research approach» Journal of Northwest Atlantic Fishery Science 53: 57–77. doi:. ISSN 1813-1859. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Heimlich-Boran, Sara. (2001). Killer whales. Voyageur Press ISBN 978-0-89658-545-4. PMC 46973039. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Carwardine, Mark. (2001). Killer whales. (1st US ed. argitaraldia) DK Pub ISBN 978-0-7894-8266-2. (kontsulta data: 2026-10-30).
- 1 2 (Ingelesez) Wright, Brianna M.; Stredulinsky, Eva H.; Ford, John K. B.. (2023). Würsig, Bernd ed. «Sex in Killer Whales: Behavior, Exogamy, and the Evolution of Sexual Strategies in the Ocean’s Apex Predator» Sex in Cetaceans (Springer International Publishing): 353–383. doi:. ISBN 978-3-031-35650-6. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Bateman, Andrew W.; MacLean, Jessica; Stredulinsky, Eva; Wright, Brianna; Ellis, Graeme; Doniol‐Valcroze, Thomas; Darimont, Chris; Ford, John K. B.. (2025-03). «Revised Age Estimates for Northern Resident Killer Whales ( Orcinus orca ) Based on Observed Life‐History Events and Demographic Discounting» Ecology and Evolution 15 (3) doi:. ISSN 2045-7758. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Ford, Michael; Ward, Eric; Kardos, Marty; Parsons, Kim; Emmons, Candice; Hanson, Brad. (2025-11-03). «Perspective: The future of the Southern Resident killer whales depends on interactions with other killer whale populations» doi.org (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Young, BrentG.; Higdon, JeffW.; Ferguson, StevenH.. (2011-01). «Killer whale (Orcinus orca) photo-identification in the eastern Canadian Arctic» Polar Research 30 (1): 7203. doi:. ISSN 1751-8369. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ (Ingelesez) «Meet the Transient Orcas — Bigg’s Killer Whales — of Puget Sound» Our Wild Puget Sound 2023-02-07 (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ Geptner, Vladimir G., ed. (1998). Mammals of the Soviet Union: in three volumes. Vol. 2, Pt. 1a: Sirenia and Carnivora: (sea cows; wolves and bears) / V. G. Heptner ... Scientific ed. Robert S. Hoffmann. Science Publ ISBN 978-1-886106-81-9. (kontsulta data: 2026-10-30).
- ↑ «Killer Whale (Orcinus orca)» The Western Arctic Seas Encyclopedia (Springer International Publishing): 180–181. 2017 ISBN 978-3-319-25581-1. (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ (Ingelesez) Morell, Virginia. (2011-01-21). «Killer Whales Earn Their Name» Science 331 (6015): 274–276. doi:. ISSN 0036-8075. (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ (Ingelesez) Miller, Patrick James O’Malley; Shapiro, Ari Daniel; Deecke, Volker Bernt. (2010-11). «The diving behaviour of mammal-eating killer whales ( Orcinus orca ): variations with ecological not physiological factors» Canadian Journal of Zoology 88 (11): 1103–1112. doi:. ISSN 0008-4301. (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ (Ingelesez) Reisinger, Ryan R.; Keith, Mark; Andrews, Russel D.; de Bruyn, P.J.N.. (2015-12). «Movement and diving of killer whales ( Orcinus orca ) at a Southern Ocean archipelago» Journal of Experimental Marine Biology and Ecology 473: 90–102. doi:. (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ Hughes of Stretford, Baroness, (Beverley June Hughes) (born 30 March 1950). Oxford University Press 2007-12-01 (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ (Ingelesez) Pitman, Robert L.; Ballance, Lisa T.; Mesnick, Sarah I.; Chivers, Susan J.. (2001-07). «KILLER WHALE PREDATION ON SPERM WHALES: OBSERVATIONS AND IMPLICATIONS» Marine Mammal Science 17 (3): 494–507. doi:. ISSN 0824-0469. (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ (Ingelesez) Keim, Brandon. (2009-03-24). «Unique Killer-Whale Pod Doomed by Exxon Valdez» Wired ISSN 1059-1028. (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ Ford, John K. B.; Ellis, Graeme M.; Balcomb, Kenneth C.. (2000). Killer whales: the natural history and genealogy of Orinus orca in British Columbia and Washington. (2nd ed. argitaraldia) UBC Press ; University of Washington Press ISBN 978-0-7748-0800-2. (kontsulta data: 2026-11-06).
- ↑ «Researchers: 7 orcas missing from Puget Sound - USATODAY.com» www.usatoday.com (kontsulta data: 2026-11-06).