Tomate
| Tomate | |
|---|---|
| Sailkapen zientifikoa | |
| Erreinua | Plantae |
| Ordena | Solanales |
| Familia | Solanaceae |
| Leinua | Solaneae |
| Generoa | Solanum |
| Espeziea | Solanum lycopersicum Linnaeus, 1753 |
| Datu orokorrak | |
| Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | tomate, tomate-zuku, tomato skin (en) |
| Polinizatzen du | Augochlora pura, Trigona fulviventris, Xylocopa tabaniformis orpifex, Bombus pascuorum, Bombus sonorus eta Pieris rapae |
| Genomaren kokapena | plants.ensembl.org… |
Tomatea (Solanum lycopersicum) landare bat da. Bere fruitua, barazki gisa jaten den baia bat da. Tomatea Solanaceae familiako kidea da, tabako, patata eta piperrarekin batera. Hego Amerikako mendebaldean du jatorria, eta bertan, Mexikon edo Erdialdeko Amerikan etxekotu zela uste da. Espainiarrek XVI. mendean sartu zuten tomatea Eurasian.
Tomate landareak belarkarak dira, eta neurri handi batean urterokoak dira. Izozteko arriskua duten arren, batzuetan negutegietan luzaroagoan bizi daitezke. Barietate modernoak gorri uniformez heltzeko sortu dira, prozesuan fruituaren gozotasuna eta zaporea kaltetzea eraginez. Milaka laborari daude, tamaina, kolore, forma eta zapore ezberdinekoak. Intsektuen izurrite eta nematodo askok erasotzen dituzte tomateak, eta birus, lizun eta onddoek eragindako gaixotasunen mende daude.
Tomateak umami zapore handia dute eta mundu osoko sukaldaritzako osagai garrantzitsua da. Adibidez, saltsetan, zopetan, entsaladetan eta ongailuetan. Zuku gisa ere kontsumitzen da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau urratsetan emandako eboluzioa proposatu da: Ekuadoretik Mesoamerikaraino naturalki emandako migrazioa; 3.500-5.000 urteen artean, Mesoamerikatik Peruko hegoalderaino emandako nahigabeko giza-esportazioa, tomatea sastraka gisa garraiatzen zelako artoarekin batera. Landareen etxekotzeak eta bertako landareekin emandako hibridazioak ekarri zuten fruituaren handitzea. Azkenik, berriz ere, gizakiak Mesoamerikara eraman zuen, bertan fruitua hobetzeko eta tamainaz handitzeko.
Aztekek eta Mesoamerikako beste tribu batzuek sukaldaritzan erabiltzen zuten tomatea. Etxekotzearen data zehatza ezezaguna da: Kristo aurreko 500. urtetik aurrera jada Mexikoko hegoaldean landatzen zela uste da, eta seguruenik Mesoamerikako beste zonalde batzuetan ere.
Ebidentzia arkeologiko batzuek frogatzen dute tomate berdea (Physalis ixocarpa) elikagai bezala erabiltzen zela garai prehispanikoetan. Honen fruitua kolore berdekoa da eta zapore garratza du. Segur aski, espainiarrak iritsi ondoren tomate arruntaren erabilera handitzen hasi zen, bere kolore gorriarengatik eta iraupen luzeagoarengatik.
Mayek eta haien eskualdeko bestelako herri batzuek, haien kontsumorako erabili ohi zuten. XVI. mendean, tomatea Mexikoko hegoaldean landatzen zen eta segur aski beste eremu batzuetan ere. Sinesmen herrikoiaren arabera, fruituaren haziak jaten zituztenak, iragartze gaitasunarekin bedeinkatuak izaten ziren. Beraz, gaur egun ezagutzen den tomate handi eta pikortsua, fruitu txiki eta leun batetik eratorri eta Mesoamerikan sortu eta hazi zen. Hori izan daiteke gaur egungo tomate moderno batzuen arbaso zuzena.
Espainiarrek tomatea Karibetik zehar zabaldu zuten, Amerikako konkistaren ostean. Europa eta Filipinetara ere eraman zuten. Horrela, bere zabalkuntza Asiatik zehar hasi zen.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tomate landareak igokariak dira eta 3 m-ra arte haz daitezke. Zuhaixka barietateak, oro har, ez dira 100 cm baino altuagoak.
Tomate landareak dikotiledoneoak dira. Zurtoin adarkatsu gisa hazten dira, eta horien bukaerako kimuan garatzen da benetako hazkuntza. Punta hazteaz gelditzen denean, inausketa edo loratzearen ondorioz, albo kimuak horien lekua hartzen dute, eta landare berriak sortzen dituzte.
Landare honen zurtoina ile mehe eta motzez inguratuta egoten da. Ezaugarri horrek bere hazte prozesua errazten du, landarea lurrarekin kontaktuan dagoenean sustraiak sortuta; jatorrizko sustraia kaltetuta dagoenean, batez ere. Zurtoin bakoitzetik bost eta bederatzi hosto bitartean ateratzen dira, 10-15cm-ko luzerakoak.
Tomate loreak bisexualak dira eta autoernaltzeko gai dira. Tomatearen zabalpena hasi zenean, haien polinizatzaile tradizionalak (ziurrenik erle haliktidoen espezieren bat) ez ziren haiekin batera zabaldu. Autoemankortasuna abantaila nabarmena delarik, laborantza-eremuetan ezaugarri hau duten tomateak landatzen dira. Tomateen polinizazioa konplexuagoa da polinizatzaileen laguntzarik gabe. Negutegi egoeretan, adibidez, polinizazioa gertatzeko haize artifiziala, landareen bibrazioa edo erleen laguntza beharrezkoa izaten da.
Loreak meristemo apikalean garatzen dira. Anterak ertzetan fusionatuta daude pistiloaren estiloaren inguruan zutabe bat sortuta. Anterak okertzearen ondorioz, estigma biltzen duen kono antzeko egitura sortzen da. Loreak horiak dira, 1-2 cm-koak, eta koroan bost lobulu zorrotz dituzte. Hiru eta hamabi arteko multzotan jaiotzen dira.
Fruitua eta hazia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fruitua obulutegitik garatzen da ernalketa ostean, perikarpoa fruituaren haragia bilakatuta. Lokuluak ditu, haziz betetako espazio hutsak direnak. Ezaugarri hori tomate motaren arabera aldatzen da; batzuek bi dituzte, beste batzuek hiru eta bost artean, txiki asko dituztenak ere badaude edo txikiak eta gutxi dituztenak. Fruituak likopenoa du, heltzen denean kolore gorri bereizgarria ematen diona, animaliak erakartzeko eta jan ondoren haziak barreiatu dezaten. Dena dela, tomate guztiek ez dute likopeno kantitate berdina. Beraz, denek ez dute kolore berdina garatzen heltzerako orduan. Tomate horiek delta-karoteno eta luteina gehiago dute likopenoa baino, eta laranjek, aldiz, beta-karotenoa eta prolikopenoa.
Tomateak harreman sinbiotiko mutualista du mikorriza arbuskularrekin, Rhizophagus irregularis-arekin adibidez. Hortaz, zientzialariek eredu bezala erabiltzen dute sinbiosi mota horiek aztertzeko.
Konposaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere konposaketaren % 92 ura da eta proteinak % 1 soilik. Energia-kopuru txikia du: 100 g-ko 17 kilokaloria. 100 gramo tomatetan, 17 miligramo C bitamina, 1,2 miligramo E bitamina, eta 1.715 mikrogramo karoteno biltzen dira. Likopenoa zelula karotinoide bat da, kolore gorria duen konposatu kimiko bat, karotenoaren antzekoa, tomatearen pigmentu edo klorofilaren barruan dago eta kolore berezia ematen dio.[1] Likopenoa oxidazioaren kontrakoa da. Gorputzean erradikal askeek sortarazten dituzten estres oxidatzaileei aurre egiten die eta, bide batez, zelulak babesten ditu. Hori dela eta, zenbait zientzialarik egiaztatu dutenez Yamamoto jaunak, Japoniako Kobeko Unibertsitatekoak edo Indiako Delhi Berriko Zientzia Medikoko Institutukoak, adibidez tomateak duen likopenoa minbiziari kontra egiteko guztiz ona da.[2]
Laborantza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laborantza eskakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tenperatura: tomatearen laborantzaren garapenerako tenperatura hoberena 20 º eta 30 ºC bitartekoa da egunean zehar eta, aldiz, gauean, 10 º eta 17 ºC bitartekoa da. 35 ºC-tik gorako tenperaturek negatiboki eragiten dute ernaldutako obuluen garapenean; eta, ondorioz, fruituen hazkundea kaltetzen dute. Bestalde, 12 ºC baino tenperatura baxuagoek, bortizki eragiten dute landarearen hazieran. Loraketa garaian tenperaturak bereziki erabakigarriak dira, 25 ºC-tik gora eta 12 ºC-tik behera ernalketa ezin baita burutu. Fruituak ematen direnean, tenperaturek haien garapenean eragiten dute, eta, tenperaturak gora egin ahala, heldutasuna bizkortu egiten da. Hala ere, 30 °C-tik gora (edo 10 °C-tik behera), fruituek tonu horixkak hartzen dituzte.
Hezetasuna: hezetasun erlatibo optimoa % 60 eta % 80 bitartean aurkitzen da. % 80tik gorako hezetasunek gaixotasunen intzidentzia areagotzen dute landarearen aireko zatian. Horrek, fruituetan pitzadura, edota polinizazioaren prozesuan traba sortu dezake, polenaren trinkotasunaren ondorioz. Beste muturrean, % 60a baino baxuagoko hezetasun erlatiboek polen-granoen finkapena zailduz, polinizazioa eragozten dute.
Argitasuna: tomateak argitasun baldintza egokiak behar ditu behar bezala hazteko. Bestela, hazte, garapen, loratze, polinizazio eta fruituen heltze prozesuek eragin negatiboak pairatu dezakete.
Lurra: tomateak ez du behar berezirik lur baldintzei dagokienez, drainatzea izan ezik. Hori ahalik eta hoberena izan behar da, ez baititu urpetzeak ondo jasaten. Hala ere, buztin-silizeo testurazko lur soltea nahiago du, materia organikoan aberatsa. pH-ari dagokionez, lurra hareaztatuta dagoenean, apur bat azidoa zein alkalinoa izan daiteke. Ureztatzeko uraren zein gatzaren baldintzak hobetuen jasaten dituen espeziea berotegietan landatzen dena da. Tomateak intxaurrondo (Juglans) baten alboan landatzea saihestu behar da, mikorrizan juglona deituriko toxina bat askatzen baitu. Izan ere, horrek tomatearen zein beste landare batzuen hazkuntzan eragiten duena (alelopatia). Juglonaz kutsatutako ingurune batean hazten den tomate bat, batez beste, heren bat gutxiago hazten da baldintza egokietan hazi den tomate batekin alderatuta.
Barietate batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cherry tomatea
- Bertako tomatea
- Adar-tomatea
- Tomate txikia
- Madari-tomatea
- Tomatearen Kalitatezko Eusko Labela.
- Transgeniko tomatea.
- Aretxabaletako tomatea
Sukaldean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Geure-geureak diren plater batzuk tomaterik gabe ezingo lirateke prestatu: txipiroiak saltsa beltzean edo zamari erako baratxuria, esaterako. Tomate gordina, tomate-saltsa edo tomate-zukua oso arruntak dira. Oraingo euskal eta Mendebalde guztiko sukaldea tomaterik gabe beste zerbait izango lirateke.
Entsaladaren osagai nagusietakoa da urazarekin batera.
Errekor batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tomate landare luzeena 19,8 metro, landare zabalena 85,46 metro koadro, ale gehien batera zituenak 1.355 koxkor; ale gehien eman zituenak 32.194 hazi zituen; ale handienak 5 kiloko pisua zuen; tomate barietate gehien dituen elkarteak 241 ditu.[3]