Gavar
- Artikulu hau Armeniako Gegharkunik probintziako herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gavar (argipena)».
| Gavar Գավառ | ||
|---|---|---|
| Armeniako hiria edo herria | ||
| Administrazioa | ||
| Estatu burujabe | ||
| Armeniako probintzia | Gegharkunik | |
| Izen ofiziala | Գավառ Կամո Նոր Բայազետ Քավառ Новобаязет Камо | |
| Jatorrizko izena | Գավառ | |
| Posta kodea | 1201–1205 | |
| Geografia | ||
| Koordenatuak | 40°22′00″N 45°08′00″E / 40.3667°N 45.1333°E | |
![]() | ||
| Azalera | 7 km² | |
| Altitudea | 1.982 m | |
| Demografia | ||
| Biztanleria | 17.741 (2022) | |
| Dentsitatea | 2.534 bizt/km² | |
| Informazio gehigarria | ||
| Sorrera | 1830 | |
| Hiri senidetuak | Novorossisk | |
| Matrikula | 02 | |
| Hizkuntza ofiziala | armeniera | |
Gavar (armenieraz: Գավառ, translit.: Gavar[1], NAF: [ɡɑˈvɑr] ahoskatua) Armeniako herri bat da, Gavar udalerriaren eta Gegharkunik probintziaren erdigune administratiboa dena.
Sevan aintziraren mendebaldean dauden Gegham mendikateko mendien artean dago. Itsas mailatik 1982 kilometrora dago, batez beste. Erevan hiriburutik 98 kilometro ekialdera dago.
Hiri modernoa 1830ean sortu zuten Anatoliatik ihes egindako errefuxiatu armeniarrek, Novo-Bayazet izenarekin. Dena dela, historiaurretik populatuta egon den eremua da. 1995ean hartu zuen Gavar izena.
Hainbat zerbitzu batzen ditu. Besteak beste, ospitala, ikastetxeak, arte eta musika eskola, edota aireportua. Unibertsitate bat ere badauka, 1993an zabaldu zena.
Herriak 20.765 biztanle zituen 2011ko erroldaren arabera. 2022ko erroldaren arabera, aldiz, Gavarrek 17.741 biztanle ditu.
Sobietar garaian industria eremu garrantzistua izan zen. Dena dela, Armeniak independentzia lortu zuenean, industria hark gainbehera eduki zuen. Horren ondorioz, populazioa asko jaitsi zen.
Armeniako Eliza Apostolikoko Gegharkunik Elizbarrutiaren egoitza da. Hirian eta inguruetan eliza eta monasterio historikoak ikus daitezke. Besteak beste, Hatsarat monasterioa, VII. eta XIX. mendeko bi eliza dituena; IX mendeko Hayravank monasterioa; XVII. mendeko Surp Khach kapera; eta Surp Karapet Eliza, 1848an eraikia.[2] Noratus hilerriko aztarnategi arkeologikoa ere hiritik 4 kilometrora daude, eta Erdi Aroko khatxkar ugari daude bertan.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1959ra arte Nor Bayаzet edo Novo-Bayazet (errusieraz) izenarekin ezagutzen zen hiria. Honela deitzen zioten Mendebaldeko Armeniako Bayazet herriagatik. 1959 eta 1995 artean, herria Kamo deitu zen, Kamo (Simon Ter-Petrosian) iraultzaile boltxebikearen omenez. 1995eko abenduaren 4an hiriak antzinako Gavar izena hartu zuen, armenieraz konderria esan nahi duena.
Hala eta guztiz ere, lagunartean Kiavar (armenieraz: Քյավառ, translit.: Kiavar[1]) bezala ezagutzen da XIX. mendetik.[3][4]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gavar hiri modernoa Novo-Bayazet («Bayazit Berria») izenarekin sortu zen 1830ean, Sevan lakutik 8 kilometro mendebaldera, antzinako Gavar edo Gyavar hiriaren tokian, Otomandar Inperioko Bayazit herriko 8.557 armeniarren immigrazioaren ondoren, Izan ere hauek ihes egin behar izan zuten 1828-1829ko Errusia-Turkia Gerraren ondorioz. Kokalekuak 1850ean lortu zuen herri izaera.
Hala ere, gaur egungo Gavar hiriaren eremua Brontze Arotik populatua egon da. Hilarri historiko asko daude K. a. bigarren milurtekoak. Gotorleku erraldoi baten aztarnak, Burdin Aroaren hasierakoak, herriaren erdiguneko muino batean daude. Gotorlekua Urartu erresumaren barruko Uelikuhi eskualdeko errege hiriburua izan zela uste da.[5] 22 gotorleku txiki baino gehiagoz inguratuta zegoen. Uelikuhi eskualdea Sarduri II.a errege urartiarrak konkistatu zuen. Bere semeak, Rusa II.ak, gotorlekua berrizendatu zuen Khaldiren omenez; Ararateko hiru jainko nagusietako bat. Gavar "Khaldi Hiria" bezala ezagutzen zen, gertu zegoen Tsovinar herria "Teisheba Hiria" bezala ezagutzen zen bitartean 1927an Rusa II.aren inskripzio kuneiforme urartiarrak aurkitu ziren. Haietan, K.a 732. urteko Uelikuhiko erregeen gaineko garaipena eta Khaldi gotorlekuaren ezaroena oroitzen zuen. Gaur egun hiriko historiaren museoan daude.[6] Artsvakar auzoan Burdin Aroko beste gotorleku bat ere badago, K. a. II. milurtekoa.

Antzinako Armeniako Erresuma ezarri ondoren, gaur egungo Gavar lurraldea Gegharkunik kantonamenduaren barruan sartu zen, Armenia Nagusiko Syunik probintzia historikoaren iparraldean.
Antzinako eta Erdi Aroko beste monumentu asko ere badaude herrian, monasterioak, Khachkars (harri gurutzatuak), inskripzio kuneiformeak, hilarriak eta kapera bat barne.[7] Hatsarat auzoan (1960ko hamarkadara arte bereizitako herria zen) Hatsarat monasterioa dago, VII eta XIX. mendeetako bi elizarekin.[8]

Mendeetan zehar, Gavar modernoaren eremua askotan suntsitu zuten. Azkena XVII. mendean gertatu zen, Shah Abbas I.a Persiakoak hondatu zuenean.
1828an, Errusiar-Persiar Gerraren ondoren, Gegharkunik eskualdea —Erivango Khanerriaren zati gisa— Errusiar Inperioaren esku geratu zen, 1828ko otsailaren 21ean sinatutako Turkmenchayko Itunaren ondorioz. 1830ean Bayaziteko armeniar migratzaileek Novo-Bayazet herrixka sortu zuten. 1850ean, Erivan Gobernazioaren ezarpenarekin, Novo-Bayazet Nor Bayazet uezd sortu berriaren erdigune bihurtu zen.

Novo-Bayazet, Ekialdeko Armeniako beste eskualde askorekin batera, SESBen parte bihurtu zen 1920ko abenduan. 1950ean hiri-motako kokaleku izaera lortu ondoren, herria pixkanaka handituz joan da urteen poderioz. 1959an, herriak Kamo izena hartu zuen, Kamo iraultzaile boltxebikearen omenez. Garai batean 36.400 pertsona bizi ziren bertan ,1980ko hamarkadaren hasieran.[9]
Armeniaren independentziaren ondoren, herriak Gavar izena hartu zuen 1995ean, eta ezarri berri zen Gegharkunik probintziako zentro administratiboa bihurtu zen. Hala ere, herriko sobietar garaiko azpiegituraren zati handi batek porrot egin du eta industriak zailtasunak eduki ditu. Ondorioz, Gavarko biztanleria izugarri jaitsi da. 2001eko erroldan 23.302 biztanle azaltzen ziren, 2011ko erroldan 20.765 biztanle eta 2022ko erroldan 17.741.
Geografia eta klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsas mailatik 1982ko batez besteko altueran dago, Gavaraget ibaiaren ertzean. Mendebaldean Gegham mendiak eta ekialdean Sevan aintzira ditu. Azhdahak mendia Gavarretik 15 kilometro hego-mendebaldera dago eta 3.597 metroko garaiera dauka,
Hiria hainbat herriz inguratuta dago: Noratus (ekialdean), Karmirgyugh (hegoaldean) eta Gandzak (hegoaldean).
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gavarrek klima kontinental hezea (Köppen Dfb) du, negu hotzak eta uda epelak dituena. Urteko prezipitazio-maila 450 mm-koa da.
| | |||||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
| Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 10.6 | 11.9 | 18.6 | 25.1 | 27.6 | 30.5 | 32.7 | 34.1 | 31.1 | 24.5 | 20.6 | 14.0 | 34.1 |
| Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | -0.6 | -0.3 | 3.4 | 10.7 | 15.4 | 19.7 | 22.8 | 23.1 | 20.3 | 14.0 | 7.0 | 1.3 | 11.4 |
| Batez besteko tenperatura (ºC) | -6.3 | -6.1 | -1.8 | 5.3 | 9.5 | 13.2 | 16.3 | 16.4 | 12.7 | 7.5 | 1.5 | -4.0 | 5.4 |
| Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -11.9 | -11.9 | -7.0 | -0.2 | 3.5 | 6.6 | 9.7 | 9.7 | 5.1 | 1.0 | -4.1 | -9.4 | -0.7 |
| Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -33 | -32.7 | -30.9 | -22.2 | -15.2 | -4.8 | -3.1 | -2.2 | -5.8 | -21.2 | -27.2 | -27.6 | -33 |
| Pilatutako prezipitazioa (mm) | 22.7 | 26.0 | 38.9 | 54.5 | 66.4 | 74.8 | 67.0 | 43.5 | 30.5 | 35.1 | 25.4 | 20.6 | 505.4 |
| Prezipitazio egunak (≥ 1.0 mm) | 5 | 5.7 | 8.2 | 10.8 | 13.3 | 11.4 | 9.1 | 7.4 | 5.9 | 7.6 | 5.5 | 5.5 | 95.4 |
| Hezetasuna (%) | 73.6 | 72.2 | 69.9 | 68 | 68.1 | 68.1 | 68.5 | 66.5 | 67 | 68.4 | 70.7 | 73.5 | 69.5 |
| Iturria (1): NCEI[10] | |||||||||||||
| Iturria (2): Météo Climat (bataz bestekoak 1981-2010)[11][12] | |||||||||||||
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001eko erroldan 23.302 biztanle azaltzen ziren, 2011ko erroldan 20.765 biztanle eta 2022ko erroldan 17.741.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gavar herria nagusiki kristaua da eta Armeniako Eliza Apostolikokoa da. Herriak Erdi Aroko kapera eta eliza asko ditu. 1848ko Surp Karapet eliza ondo kontserbatuta dago. Jainkoaren Ama Santuaren katedrala Armeniako Elizaren Gegharkunik elizbarrutiaren egoitza da. 1905ean eraiki zen herriko erdiko plazan, Khoren Muradbegian apezpikuaren ahaleginarekin eta bertako herritarren laguntzarekin. 1990eko hamarkadaren amaierara arte, Armeniako elizarik altuena izan zen.
Herrian beste eliza asko ere badaude, besteak beste:
- Hatsarat monasterioa, bi eliza dituena: Jainkoaren Ama Santua (VII. mendea) eta San Gregorio Argitzailea (XIX. mendea).
- IX mendeko Hayravank monasterioa: Gavarretik 7 kilometro iparraldera dago, Sevan aintziraren ertzean. X. mendeko kapera bat dauka, eta baita gavit bat ere. Inguruetan hainbat khatxkar ikus daitezke.
- XVII. mendeko Surp Khach kapera, 1969an berritua.
- Surp Karapet Eliza, Barsegh Artsrunik 1848an eraikia eta 2012an erabat berritua.[2]
Noratus hilerriko aztarnategi arkeologikoa Noratus herrixkan dago, Gavarretik 4 kilometro ekialdera. Bertan, Erdi Aroko khatxkar (harri gurutzatu) ikusgarri ugari daude. Mota honetako hilerri handiena da. Bertan ikus daitezkeen khatxkar zaharrenak X. mendekoak dira. Beste asko XVI eta XVII. mendeetakoak dira eta ezkontzak eta baserri mundua irudikatzen dituzte.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gavarrek historia museo bat, kultura jauregi bat, antzoki bat, liburutegi publiko asko eta Bigarren Mundu Gerran izandako biktimei eskainitako monumentua ditu.
Gevorg Dabaghyanen izena duen duduk eskola berezi bat ere badauka. Udalerriak gazteentzako sormen-zentro bat ere kudeatzen du.
Sukaldaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gavar-eko sukaldaritza ekialdeko sukaldaritzako elementuekin estuki lotuta dago, espezia, barazki, arrain eta fruta konbinazio ezberdinekin.
Kyavari Kyufta (Gavar-eko kofta), herriko plater gustokoena, tipulaz zipriztindutako haragi xehatuz egina dago eta boletan biltzen da uretan irakin aurretik. Xerratan zerbitzatua, gurina gehitzen zaio. Gavarreko jendeari ogia ia guztiarekin jatea gustatzen zaio, eta Gavarreko bi ogi mota tradizionalak lavash eta matnakash dira.
Kyavar laba kolore anitzeko gozoa da, filo orezko ehun xafla finekin, fruitu lehorrekin eta azukrearekin betea eta ezti beroarekin estalia.
Garraioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gavar herria Armeniako ipar-ekialdearekin lotzen duen M-10 Autobidean dago. H-39 errepideak Gavar inguruko herriekin lotzen du.
Gavarrek sobietar urteetatik aire-pista bat du, herriaren iparraldean kokatua.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1950ean hiri-motako kokaleku izaera eman ondoren, herria Armeniako Sobietar Errepublikako industriagune nagusietako bat bihurtu zen. Bertan kable elektrikoen fabrika handi bat zegoen, Kamokabel bezala ezagutzen zena, baita makinak fabrikatzeko lantegi bat ere.
Hala ere, 1991ko Armeniaren independentziaren ondoren, sobietar garaiko industriaren gehiengoak gainbehera ikaragarria izan du. Hala ere, bertako ekonomia hobetzen ari da erritmo motelean, bertako enpresari asko Errusiatik Gavarrera itzultzen ari baitira, inbertsioak egiteko aukera berriak aurkitzeko itxaropenarekin.
Gaur egun, Gavarren daude 1948tik "Gavar Altzari Fabrika", 1953an sortutako "Sevan Ur Mineralaren Lantegia" (2015ean berriro ireki zen), 2002an sortutako karramarro prozesatuentzako "Aquatic LLC", 2006an sortutako "Kirakosyan" altzari-fabrika, eta freskagarrientzako "Shushan Produkzio Kooperatiba".
Zerbitzuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gavarrek mediku-zentro bat du, Khaldi izenez ezagutzen den hotel zentral bat, Kyavar TV izenez ezagutzen den tokiko telebista kate bat eta tokiko armeniar bankuen adar asko.
Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960an %99ko alfabetatze tasa lortu zen. Gaur egun, irakaskuntza publikoko bederatzi ikastetxe, sei haurreskola, erdi-mailako teknikari espezializatuen lau ikastetxe, kirol-eskola bat, bi musika- eta arte-eskola, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrentzako ikastetxe berezi bat eta unibertsitate bat daude Gavar herrian.
Gavar Estatu Unibertsitatea 1993an ireki zen Armeniaren independentziaren ondoren. Bere bost fakultateekin Gavar Unibertsitatea Gegharkunik probintzia osoko hezkuntza zentro garrantzitsua da. Unibertsitateak Filologia, Natur Zientziak, Humanitateak, Ekonomia eta Hezkuntza graduak ematen ditu. Gaur egun, 2.400 ikasle baino gehiago ari dira unibertsitatera joaten.
Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Futbola eta xakea oso gustukoak dira herrian. Gavarreko kirol-eskola 1971n ireki zen, eta gaur egun entrenamenduak eskaintzen ditu taldekako eta banakako kirol askotan, besteak beste, borroka-arteak, saskibaloia, areto futbola, boxeoa, pisu-altxatzea eta abar.[13]
Hovhannes Goharyan hiriko futbolariak Armeniako futbol selekzio nazionaleko aurrelari gisa jokatu zuen 2009-10ean.
Nazioarteko harremanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Novorosiisk (Errusia), 2009tik 
Hiritar nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ivan Gevorkian (1907-1989), sobietar/armeniar zirujau eta zientzialaria
- Gedeon Mikayelyan (1907–1985), koronela, arkeologoa.
- Samvel Kocharyants (1909-1993), sobietar armeniar ingeniaria eta misil balistikoetarako buru nuklearren lehen sobietar garatzailea. Lan Sozialistaren Heroi titulua jaso zuen birritan.[14]
- Vache Nalbandyan (1919–1998), literatur ikertzailea, Zientzia Filologikoetako doktorea, irakaslea, Armeniako Errepublikako Zientzien Akademia Nazionaleko akademikoa.
- Vram Dovlatyan (1923–2005), kimikaria.
- Frunze Dovlatyan (1927–1997), zinema zuzendaria, aktorea eta gidoigilea
- Hranush Hakobyan (1954-), politikaria. Diasporaren ministroa izan zen 2008tik 2018ra. Aurretiaz beste kargu batzuk ere bete zituen. Besteak beste, Gizarte segurantzaren ministro ere izan zen. Armeniako parlamentuan urte gehien egin dituen emakumea da.
- Gevorg Dabaghyan (1965), duduk-jotzailea, Komitas Estatu Kontserbatorioko irakaslea.
- Hovhannes Goharyan, futbol jokalari profesional ohia eta futbol entrenatzailea. Moskuko Lokomotiven edota Erevango Ulysses taldeekin jokatu zuen.
- Heghine Rapyan, piano-jotzailea
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Euskaltzaindia. (PDF) 163. arauaː Georgieraren eta armenieraren alfabetoetan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistemak. (kontsulta data: 2026-10-21).
- 1 2 «Գավառում հիմնանորոգվել եւ վերաօծվել է Սուրբ Կարապետ եկեղեցին» armenpress.am 19 November 2012.
- ↑ «Գեղարքունիքի ավանդապատումները» hzham.am (kontsulta data: 2015-03-22).
- ↑ (Armenieraz) «Գեղարքունիք [Gegharkunik»] agro.am.
- ↑ Melikishvili, A.A.. (1960). Urartian cuneiform inscriptions. Moscow: Publishing House of the Academy of Sciences of the USSR, 256 or..
- ↑ Sayce, Archibald. (1932). «The Vannic Inscription of Nor-Bajazet» Journal of the Royal Asiatic Society of Great Britain and Ireland 3: 593–595. ISSN 0035-869X..
- ↑ Markoff, Dr. A.. (1895). «Russian Armenia» Journal of the Society of Arts (London: Royal Society of Arts) XLIII: 228. ISSN 2049-7865..
- ↑ Hatsarat, Gegharkunik. (kontsulta data: 2016-06-25).
- ↑ «Քյավառ ՏՎ» www.kyavartv.am.
- ↑ (Ingelesez) NOAA. (CSV) WMO Climate Normals for 1991-2020: Gavar. .
- ↑ (Frantsesez) Météo Climat. Moyennes 1981-2010 Arménie. .
- ↑ (Frantsesez) Météo Climat. Météo Climat stats for Gavar. .
- ↑ Gavar sports school. (kontsulta data: 2017-02-20).
- ↑ Персоналии : Кочарянц С. Г. — История Росатома. .
