Edukira joan

Shitposting

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Shitposting adibide bat da, zera dio: "Ilargian lurreratzea izurde jauntxoen muntaia bat izan zen, gure gizartea "demokrazia" deiturikoaren esklabo egiteko.
Shitpostingaren beste adibide bat: ausaz sortutako testua besterik ez duen irudia.

Shitposting (ingelesetik, shit, kaka; eta posting, argitaratzea, bidaltzea) Interneteko lagunarteko hizkerako terminoa da, mendebaldeko kulturetako hainbat hizkuntzetara hedatu den terminoa. Kalitatezko oso kaskarreko edukiak, eduki oldarkorra, alferrikakoa, ironikoa, garrantzirik gabea edo erabat inkoherentea argitaratzeko ekintzari egiten dio erreferentzia. Akats ortografikoak edo gramatikalak izan ditzake; spam-aren aldaera moduko bat izan daiteke, helburu komertzialekin edo gabe, helburu ideologikoekin edo gabe, helburu umoristikoekin edo gorrotoa sortzeko helburuekin. Trolleatzeko teknika bat ere izan daiteke.

Lehen aipatutako ezaugarri guztiak shitposting-aren berezko ezaugarriak dira (asmo komikoekin eta umorearekin egina, batez ere) Interneteko foro batean edo sare sozial batean, kasu batzuetan eztabaida espezifikoak desbideratzeko, ahalik eta ahalegin txikienarekin erreakzio eta irismen handiena eragiteko erabiltzen dena, edo baita edukia argitaratzen den gunea bisitari erregularrentzat informazioari dagokionez alferrikako leku bihurtzeko erabiltzen dena ere.[1][2][3][4][5][6]

Terminoa definitzeko arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shitposting-a askotan gaizki interpretatua izan ohi da herri-kulturan, eta horregatik, Jessica Lindsay BBCko kazetariak definizio hau eman zuen:

Shitpostingak ez du berez baliorik. Eremu huts batean pistola batekin lata batzuei tiroak botatzea bezalakoa da, online mezu hutsalak bidaltzea da. Zurekin dagoen pertsona horrek esaten duen guztia errepikatzea bezalako da, ergel ahotsa imitatuz, zurekin dagoena aspertu eta alde egin arte.

Shitposting-a Alderdi Kontserbadore Britainiarrak Comic Sans-en idatzitako bere kartelekin aprobetxatutako trikimailu mediatikoren bat dela pentsatzeak erabat baliogabetzen du ekitaldiaren helburua; ergela izatea, berezko helbururik gabe (edo ez behintzat helburu serio bat)

Encyclopedia Dramaticak, memeen kulturarako Wiki moduko batek, honela definitzen du: "Shitposting-a Interneten argitalpen bat sortzeko eta hedatzeko artea da, ekintza edo artea da (edo wikien kasuan, artikulu bat argitaratzea), inori axola ez zaiona, kalitate edo eduki baxua duena eta aparte inolako garrantzirik ez duena. '.[7]

Shitposting mezuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Adimen artifizialez sortutako irudiak eta testuak erabiltzen dira, maiz, shitposting mezuak sortzeko; slop materiala.

Shitposting mezuen helburu nagusia probokazioa izaten da, zirikatzea. Mezuaren hartzailearengan zenbait sentimendu edo erreakzio sortzeko asmoa duten mezuak izan ohi dira. Mezu zuzenak, umoretsuak edo iraingarriak. Egia eta objektibotasun kontuekin kezka gutxi duten mezuak izaten dira.

2016ko maiatzean, The Daily Dot egunkariak oharra argitaratu zuen esanez shitposting-a «ahalegin txikienarekin eragin handienerako diseinatutako probokazio deliberatua» dela azalduz.[8]

2016ko irailean, Nimble America eskuin alternatiboko talde estatubatuarrak komunikabideen arreta jaso zuen. The Daily Beast-ek[9][10][11] eskuin muturreko talde hori deskribatzerakoan: «Shitposting-ari emana, Interneteko memeak sortzen eta zirkularazten, Hillary Clinton hautagaia deabrutzen».[9]

Horren aurrean, Andrew Griffin kazetariak zutabe bat idatzi zuen 2016. urte hartan The Independent egunkari britainiarrean (joera liberal-demokrata duen egunkarian), esanez shitposting-a, berez, tresna apolitikoa zela, eta askotariko ondorioak izan zitzakeela (denek erabili zuten, bai eskuin alternatibokoek, Donald Trumpen jarraitzaileek esaterako, bai Interneteko ezkerreko taldeek, une hartan Bernie Sandersen alde egin zutenak adibidetzat hartuz, hori guzti hori Amerikako Estatu Batuetako politikaren esparruan). Hala ere, Griffinek berak bi paragrafo geroago onartuko zuenez, Nimble America eskuin muturreko taldea izan zela benetan, modu esanguratsuan eta batez ere politikoan, horrelako metodoak erabiltzen lehena eta eraginkorrena.[12][13]

Aurkari politikoa gutxiesteko meme bat.
Aurkari politikoa gutxiesteko meme bat.

Engineering & Technology aldizkariak zera argitaratu zuen: «[s]hitposting-a, ezkerrekoa zein eskuinekoa izan, Orwellen gorrotozko bi minutuen online metastasi bihurtzen da modu arriskutsuan».[14]

2016ko azaroan, Esquire aldizkariak hauxe idatzi zuen: «Internet bidezko iseka teknika politiko zilegi gisa ari da azaleratzen: shitposting-a. Agian 2016ko hauteskunde kanpaina guztiz shitposting-a da».[15]

Latinoamerikan ohikoa da baliabide hori tresna politiko gisa erabiltzea hainbat ideologiak, alderdik eta korronte politikok, beren interesen propaganda egiteko. Mexiko, Kolonbia eta Costa Ricako kasuak nabarmenak dira.[16][17][18][19]

Interneten erradikalizatutako subjektuen mundu-ikuskera, haiek partaide diren sareetan eta komunitate digital horietan duten presentzian eta elkarreraginean oinarrituta. Shitposting-ak izaera limurtzailea du, eta Ariso-k (2021) adierazten duen bezala, pertsuasioa ezin da gauzatu nahigabe, eta beti barne hartzen du mundu-ikuskera baten transmisioa. Hori guztia, gainera, politikaren egoerak ahalbidetu du, hura izan baitzen sozialki onargarritzat jotzen zena aldatzeko urrats irmoa eman zuen lehen aktore soziala. Horren adibide bat, esate baterako, aurkitzen dugu AEBetan alt-right edo "eskuin alternatiboa" deiturikoaren propagandan: pizzagate bezalako kasuetan egiaztatu zen (Tuters et al. 2018). Azken batean, shitpostingak egungo diskurtso politikoari forma eman diezaioke (edozein alderditan, ez soilik bertsio erradikalizatuan), subjektu hartzaileen mundu-ikuskera nahita aldatuz:[20]

Itxurazko hutsalkeria alde batera utzita, memeak diskurtso publikoa artikulatzen laguntzen ari dira gaur egun, eta iritzi-egoerak osatzeko eta islatzeko balio dute, [...] ez soilik dimentsio ludiko batean [...], baita, bereziki, esparru ideologikoan ere: memeek eztabaida politiko publikoa bultzatzen dute. Duela gutxiko mugimenduen goraldia eta ospea, hala nola 15M deiturikoa, edo Occupy Wall Street-ena AEBn, edo Podemos alderdi politikoarena, neurri batean azaltzen da memeak Internet bidez sortu eta hedatzeagatik, asmo propagandistiko deliberatu batez —konnotazio, gutxiesgarririk gabe edo konnotazio gutxiesgarriekin— eta dimentsio erretoriko eraginkor batez” (Ruiz Martínez 2018, 996)[21]

Erabileraren hedapena. AEBko adibidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai batean sare sozialetan erabilera informaleko mezu mota hauek, denborarekin, gero eta arruntago bihurtu ziren. AEBko Trump presidentearen bigarren legealdian shitposting mezuak AEBko Gobernuko Sail batetik edota Etxe Zuritik igortzen ziren, presidentearen izenean askotan, Etxe Zuriko kontu ofizialetik edo presidentearen kontu ofizialetik. Horrela, Adimen Artifizial teknikak erabiliz, irudiak igortzen ziren, esate baterako, Trump Aita Santuz mozorrotuta, edo bideoak giro alaian etorkinak atxilotzen, Gazan luxuzko turismo proiektuak iragartzen edo Trump presidentea, errege koroa batekin, kaka isurtzen ehiza-hegazkin batetik No kings manifestari batzuen gainean.

Beste adibide bat: Etxe Zurian, AEBko presidenteen erretratuak biltzen zituen koadro bilduma batean, Trumpi aurreko hauteskundeetan irabazi zion Joe Biden presidente ohiaren erretratua ordezkatu zuen autopen makina baten argazkiarekin, makinak Joe Bidenen sinadura idazten zuen bitartean egindako argazkia. Horrekin aurkari politikoa agure ez-gai bat bezala erakutsi nahi zuen, sinatzeko gai ere balio ez zuen agurea.

Adibide hauek eta beste askok erakusten dute shitposting-a komunikazio estrategia arrunta bilakatu dela AEBn eta, imitazioz edo, munduko beste hainbat tokitan.

Batzuek Steve Bannon jo izan dute teknika hauen ideologotzat.[22]

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zer dira algoritmoak?

Steve Bannon honek lagundu izan du Trump aldekoen komunikazio kanpainetan eta Shitposting teknikekin batera, Flood the zone teknika ere erabiltzeko komenentziaz hitz egin izan du, hau da, horrelako mezuen uholdea sortzearen komenentziaz, espazio digitalak, sare sozialak, gainezkatzeko komenentziaz. Horretarako Adimen Artifizial teknikak erabiltzeak laguntzen du, mezu asko denbora gutxian sor daitezkeela, ustezko erabiltzaileen bot-kontuak, etab. Gainera, susmoa dago zenbait mezularitza zerbitzu eta sare sozialen algoritmoek horrelako edukiei bultzada ematen dietela.

Teknika horiekin sare sozialetan eta hedabideetan beren agenda ezartzea lortzen dute, beren intereseko gaiak behin eta berriro plazaratzen dituzte eta beren ikuspegiak sustatzen dituzte. Antifeminismoa, homofobia, xenofobia, abortua, zergak, sektore publikoaren eraginkortasunik eza, politikari aurkarien ustelkeria, eta beste hainbat ikuspegi politiko jakin batzuk sustatzea lortzen dute.

Hori guztia lortzeko, algoritmoen bultzadaz gain, bot-kontuak erabiltzen dira, hau da, modu artifizialean, modu masiboan, sortutako ustezko erabiltzaile-sortzaileak, baina benetan Adimen Artifizial teknikak erabiliz sortutako erabiltzaile kontuak, bot-kontuak. Frogatu egin zuten X sare sozialeko kontu asko, Asiako herrialde pobre batzuetatik igortzen zituztela beren shitposting estiloko mezuak.[23]

Flood the zone teknikaren helburua aurkaria nekatzea eta etsipen sentimenduak sortzea da, alde batetik, eta bestetik norberaren aldekoak harrotzea, harro agertzea antifeminista, antiwoke, antiLGBT, antitxertoak, arrazista, edo dena delakoa.

Erabiltzen den beste teknika bat Rage bait delakoa da, hau da, amorru beita, amorrazioaren amua. Aurkariengan amorrazioa sortzean datza teknika hau. Aurkariei zuzenean iraindu, aurkarien gustuko kontuak erridikulizatu, barregarri uzten saiatu, gezurra, iraina, erdi-egiak erabiliz, umore itxura gordez, txantxa itxura gordez batzuetan, baina gordin beste batzuetan. Rage bait delako teknikaren helburua aurkaria haserretzea, sumintzea, samintzea, ernegatzea edo amorratzea da. Horrelako eduki ernegarriekin, irainekin eta gezurrekin, lortu ohi dute pertsona askoren erreakzioa eta horrela debatea beren esparrura eramatea, erreakzio katea sortzea. Aldeko eta kontrako mezuen segida eta debatearen gaia eurek ezarritakoa izatea.

Politikoki ez-zuzena, aurkarirekin gupidagabea, umoretsua, lotsagaldua agertuko da shitposting-a praktikatzen duen influencerra, eta askotan jarraitzaile asko eta diru asko lortuko du.

Batzuetan shitposting-a erabili izan da ziberbullying moduko bat egiteko, aurkariari egurra emateko, gupidarik gabe. Baina, beharra ikusiz gero, txantxa bat besterik ez zela argudiatu daiteke, edo adierazpen askatasunaren kontua erabil daiteke.

Horrela, kazetari "serioek" itaundu diotenean Etxe Zuriko bozeramaleri bati edo beste bati horrelako shitposting edukiei buruz, txantxa giroa-eta aipatu dute, eta seriotasuna kendu diote kontuari.

Shitposting-en ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrelako mezu sinple eta eraginkorrekin, Shitposting igorleek politikoki-ez zuzen baina egiazaletzat aurkezten dute euren burua. "Politikoki zuzen" jokatzen saiatzen diren politikari aurkariak, zuriak, hipokritak, ustelak omen dira; haiek, ordea, zintzoak, zuzenak, egiazaleak.

Gainera, hedabide tradizionalei sekulako konpetentzia egiten diete. Mezu labur, sinple, erraz biralizatu daitezkeen edukiak, sare sozialetan, bat-bateko mezularitza sistemetan, ezagun batek birbidalitako mezuak... Hedabide tradizionalen mezu luzeago eta landuagoei konpetentzia handia egin diete.

Sare sozialen bidez eta mezu labur-zuzenen bidez, balizko boto-emaileengana zuzen-zuzen ailegatzeko aukera. Gorago aipatutako teknikekin hartzaileen arreta lortzen dute eta hartzaileek nolabaiteko talde-kohesioa daukatela sentituko dute. Talde kohesio hori lortuko da, baita, hizkera berezi bat, esamolde jakin batzuk sortuz eta errepikatuz, woke, plandemia, feminazi, plancha-bragas...

Shitposting mezuak hedatuz, agenda markatzeaz gain, arrazismoa, matxismoa, xenofobia, homofobia, transfobia, faxismoa eta beste hainbat "politikoki ez-zuzenak" ziren kontuak normaltzat jotzea lortzea izan daiteke helburua, horrelako jarrerak orokorrak eta maioritarioak direla erakustea. Horretarako, kalitatea eskaseko edukiak ekoiztu arren, kantitate handiak ekoiztea oso inportantea da, edonola, AA erabiliz, bot-ak erabiliz... Zarata, zabor-debateak sortzea, debatearen maila igotzen saiatzen direnen kontrako teknika eraginkorra da.

Sare sozial komertzial batzuentzat, hau guzti hau ez da inolako problema. Duela urte batzuk sare sozial komertzial handienek erabaki zuten edukiak gutxiago moderatzea[24], ia edozein zabor-mezu onartzea, gezurrak eta zarata besterik ekartzen ez bazuen ere, gorroto mezua bazen ere. Horrek rage bait teknikari alfonbra gorria jarri zitzaion. Horrelako sare komertzial handienen helburuak, azken batean, bat datoz gorago aipatu diren teknikekin. Beren sare sozialetan mezuen uholdea, (flood the zone), egotea eta horrela erabiltzaileen arreta lortzea sare sozial komertzialei mozkin handiagoak ekarriko dizkie. Debatearen maila igotzea, gorroto mezuak eta gezurrak baztertzeko ahaleginak, ordea, badirudi enpresa handi horien CEOen ustez ez direla onak negozioarentzat. Horregatik batzuek horrelako sare sozialei "toxiko" adjektiboa ezarri diete eta batzuek horrelakoetatik fedibertsora alde egin dute.

Eskuin muturrarekiko harremana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Steven Forti Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko historialari italiarraren arabera, shitposting-a, gerora, eskuin muturreko esparruetan, edo "eskuin alternatiboa" ere deitu zitzaion esparruetan, oso baliabide erabilia bihurtu zen«bere aurkari politikoak trolleatzeko eta erasotzeko, edo, besterik gabe, bere diskurtsoa ulertzeko moduarekin bat ez zetozen "normies", (pertsona arruntak, artaldekoak), zirenak erasotzeko, sare sozialak eduki hutsalez betez, eta eztabaidaguneak okupatuz.

Shitposting-ak, berez, ideologia politiko zehatzik ez badu ere, shitposterrek (material mota hori sortzen duten pertsonek) mugimendu politikoetan parte hartzeko gaitasun handia badute, sare sozialetan memeen bidez presidentegaiak sustatuz, esaterako, Nimble America-ren gorago aipatutako kasuan bezala, edo Donald Trump-en kanpainari ematen zion babesa. Gertuko beste adibide bat Nayib Bukele El Salvadorren izan daiteke, edo Javier Milei Argentinan. Beren hauteskunde kanpainetako hariak mugitu zituzten batzuek adituak ei ziren honelako teknikak erabiltzen[25]

LGBT jendea zirikatzeko sortutako meme baten adibidea.

Eskuin muturreko meme eta shitposting mezuetan, hainbat gai agertuko dira: planetaren mugen negazionismoa, gutxiengo etnikoen kontrako txisteak, LGBT pertsonen kontrako mezuak, feminismoaren kontrako mezuak, elbarritu, txiro, atzerritar, ezkertiar, ekologista, txirrindulari, barazkijale, begano eta beste gutxietsitako pertsona edo taldeen kontrako mezuak (eskubide gehiegi dauzkate, bizkarroi hutsak dira, tentel hutsak, arriskutsuak)... Askotan txertoak, eta zientziak proposatzen dituen zenbati konponbide erridikulizatzen duten memeak sortzen dira. Kontrako ideologia dutenen kontrako mezuak izan ohi dira.

Britainia Handiko presidente bat eta bere alderdikoak zirikatzeko memea.

Ezker muturreko meme eta shitposting mezuetan, milioidun, bilioidun, monarkak, CEOak eta aberatsen kontrako mezuak topa daitezke, jet pribatu eta auto handi eta garestiak gidatzen dutenen kontrako mezuak... Kolonialistatzat, inperialistatzat jotzen diren proiektu guztien kontrako mezuak. Kontrako ideologia dutenen kontrako mezuak, oro har.

Batzuk abortu eskubidearen kontrako memeak, besteak eskubide horren defentsan; batzuk zergen kontrako mezuak, besteek zerbitzu publikoen aldeko mezuak, batzuk etorkinen eta bereziki musulman eta beltzen kontrako mezuak besteek aberaskumeen, esplotazioaren eta plusbalioen kontrako mezuak.

Konspirazio teoriek ere lekua izaten dute shitposting mezuetan. Batzuek teoria horiek sustatzen, zalantzak sortzen, gutxienez, besteek teoria horiek erridikulizatzen. Esate baterako, Ordezkapen Handia teoria sustatu egin izan da shitposting mezuekin, baita erridikulizatu ere.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ «How spammers nearly destroyed the biggest 'Simpsons' meme page» The Daily Dot (kontsulta data: 24 de agosto de 2016).
  2. ↑ «The alt-right is celebrating over Leslie Jones' abject humiliation» Mic (compañía).
  3. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  4. ↑ «Multimedia Artist manuel arturo abreu on Shitposting and the Infinite Scroll» Paper (kontsulta data: 25 de agosto de 2016).
  5. ↑ Biggs, John. «Papa, what’s a shitpost?» TechCrunch (kontsulta data: 23 de septiembre de 2016).
  6. ↑ Walker, Alex. «Purges and politics in cyberspace» Cherwell (periódico) (kontsulta data: 5 de abril de 2016).
  7. ↑ Jessica Lindsay, Jessica. (8 de Noviembre de 2019). «FAO BBC, this is what sh*tposting actually is» metro.co.uk (kontsulta data: 30 de marzo de 2023).
  8. ↑ How to speak like a Donald Trump supporter. 2 de mayo de 2016.
  9. 1 2 Ben Collins, Gideon Resnick. (23 de septiembre de 2016). «Palmer Luckey: The Facebook Near Billionaire Secretly Funding Trump’s Meme Machine» The Daily Beast.
  10. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  11. ↑ Horwitz, Josh. (23 de septiembre de 2016). «The founder of Oculus is funding a group that "shitposts" anti-Hillary Clinton memes» Quartz (publicación).
  12. ↑ Andrew Griffin. (23 de Septiembre de 2016). «Shitposting: What is the bizarre online behaviour that could win Donald Trump the election?» The Independent (kontsulta data: 12 de diciembre de 2023).
  13. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  14. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  15. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  16. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  17. ↑ Chío, Juan Carlos. (2022-01-16). «‘Shitposting’ y la nueva forma de hacer política» www.vanguardia.com (kontsulta data: 2023-12-12).
  18. ↑ Uniandino, El. (2021-05-09). «Con shitposts se ambientó el paro» El Uniandino (kontsulta data: 2023-12-12).
  19. ↑ «Shitposting en Costa Rica: el arte de hacer memes cutres» La Nación 2022-04-30 (kontsulta data: 2023-12-12).
  20. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  21. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  22. ↑ (Gaztelaniaz) «¿Cómo el ‘shitposting’ se ha convertido en el lenguaje de la Casa Blanca?» Anartist Video (kontsulta data: 2025-12-16).
  23. ↑ (Gaztelaniaz) «¿Cómo el ‘shitposting’ se ha convertido en el lenguaje de la Casa Blanca?» Anartist Video (kontsulta data: 2025-12-16).
  24. ↑ (Gaztelaniaz) «Facebook relaja su moderación de contenido y los resultados ya se hacen notar» wwwhatsnew.com 2025-05-30 (kontsulta data: 2025-12-16).
  25. ↑ «Shitpostbot 5000 proves internet memes will outlive humans» Geek.com (kontsulta data: 25 de septiembre de 2020).
  •  Forti, Steven (2021). Extrema derecha 2.0. Qué es y cómo combatirla. Prólogo de Enric Juliana. Madrid: Siglo XXI. ISBN 978-84-323-2030-9.